GARA Euskal Herriko egunkaria

G da


Danielle SeeWalkerren “G Is for Genocide” (G genozidiorako da) ile gorria txirikorda batean bilduta duen emakume baten erretratua dugu. Begi bakarra du agerian, begirada ikusleari zuzendurik duela.

Burua kufija batekin estalita dauka erretratuko emakumeak, eta kufijatik zintzilik luma bat dauka.

Koadroari buruz SeeWalkerrek dio: «Gazako jende errugabeari gertatzen ari zaionaren eta Ipar Amerikako jatorrizko jendeak gure lurretan jasandako genozidioaren artean loturak adieraztea» helburu duela.

Húŋkpapȟa Lakȟóta da SeeWalker, eta Standing Rock Siux tribuko kide da.

Bere lanean zein aktibismoan herri indigenen historiak eta eskubideak babesteagatik ezaguna da.

Lan eta aktibismo horregatik gonbidatu zuen Coloradoko Vail herriak beren artista egoitzan egonaldi bat egitera hil honetan. “G Is for Genocide” koadroa galeria batean erakutsi ostean, gonbidapena bertan behera utzi zuen Vailek.

Komunikabideei helarazitako oharrean, herri ordezkariek adierazi zuten, Ipar Amerikako jatorrizko jendeari buruzko bere lanarekin bat egin arren, azken hilabeteetan SeeWalkerrek “Israel/Gaza krisia”-ren gainean egindako koadroak Vailek sustatu nahi duen kultur “aniztasuna”-ren kontra doazela.

Lehen oharra: genozidioa gaitzesgarria da iraganekotzat uste bada. Bigarren oharra: Palestinan jazarri ororen askapena dago jokoan.