GARA Euskal Herriko egunkaria

EAJk «nazio eta hizkuntza gutxituak» babestuko ditu

Donostian egin zuen kanpaina ekitaldia atzo EAJk. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Oihane Agirregoitiak, EAJ eta CEUS Koalizioak Europako Hauteskundeetarako aurkezten duen zerrendako buruak, atzoko kanpaina ekitaldi batean hitzeman zuen gutxiengo nazionaletako eurodiputatuen eta hizkuntza gutxituetako hiztunen arteko aliantza «dinamizatzeko» asmoa duela Europan. Donostiako Kursaalean egin zuten agerraldia, irailean «zinemaren hiriburu» bihurtuko dela baliatuz. «Ikus-entzunezko ekoizpenetan euskara zaintzearen eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu», azaldu zuen.

Euskarazko kultur ekimenen ekoizpena bultzatzea eta “Europa Sortzailea” programaren deialdietara sarbidea izatea dira hartutako konpromisoetako bi. Europako Batasunean, 50 milioi pertsonak estaturik gabeko nazio baten naziotasuna dutela eta Europan ofiziala ez den hizkuntza batean hitz egiten dutela gaineratu zuen zerrendaburuak, eta erakundeek eskainitako «aitorpen sinbolikoa gainditu» beharra jarri zuen mahai gainean. «Gure konpromisoa da datozen bost urteetan euskara aitortua izan dadila Europako estatu kideetako aniztasunaren barruan. Horrela hobeto beteko dugu “Aniztasunean Batuta” goiburua», esan zuen.

Europako Parlamentuan apirilaren 16an Estibaliz Urresolak egindako aldarria ekarri nahi izan zuten gogora, Lux sariak medio: «Euskara bere filmean, komunikatzeko eta mundua ulertzeko eta sentitzeko modua izateaz gain, 8 urteko neskato trans batentzat askatasunez adierazteko modu bat ere badela islatu zuen Estibalizek».

EUSKARA OFIZIALA IZATEKO BIDEAN

Euskara ofiziala izateko lau puntu nabarmendu zituen EAJko hautagaiak: Erasmus programetan euskarazko eskaintzak sartzea, euskara Europako Batasuneko hizkuntza plataformetan egotea zaintzea, “Europa Sortzailea” programarako euskal antenaren eskakizuna eta Europako berrien buletin bat euskaraz izatea eskatu zuen. Proposamen horiek guztiak beharrezkoak dira «gure herriak bere kulturarekin Europari egiten dion ekarpena babesteko eta zabaltzeko. Balioa sortzeko, interesa pizteko eta erakartzeko ahalmena erakutsi duen kultura baita», adierazi zuen hautagai jeltzaleak.

Helburu horiek lortzeari begira, Agirregoitiak hitzeman zuen «nazio eta hizkuntza gutxiagotuetako eurodiputatuen aliantza» babestuko dituztela, «elkarren arteko lankidetzaren bidez proposamen hauek parlamentuko ekimen bihurtzeko. Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunak hizkuntza edo nazionalitatea dela-eta ezartzen duen diskriminazio-debekuak euskal kultura eta euskara barne hartzea eskatuko dugu». «Halaber, lan egingo dugu Parlamentuak Batasuneko Zuzenbide Estatuaren kalitateaz urtero egin ohi dituen txostenetan gure eskubideak zaindu eta monitorizatu daitezen. Jokoan daude Europako hiritar askoren funtsezko eskubideak. Horiek babestea ere bada Europako Batasun osoan demokrazia hobetzea», amaitu zuen.