GARA Euskal Herriko egunkaria

Irun eta Donostia artean ez da trenik izango abuztuan, AHTaren obren ondorioz

Jose Antonio Santano, obrak bisitatzen. (EUROPA PRESS)

Abiadura Handiko Trenaren obrak direla eta, Renfeko trenek Irun eta Donostia artean duten zirkulazioa eten beharko dute abuztuaren 3tik 25era, espainiar Garraio Ministerioko iturriek Efe agentziari atzo baieztatu ziotenez. Beraz, ia abuztu osoan zehar ez da tarte horretan trenez bidaiatzerik izango.

Espainiar Garraio Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, zirkulazio etete hauek «Abiadura Handiko Trenaren obren azken txanpan» gertatuko dira. Obrak 2026ko lehen lauhilekora arte luzatuko dira, printzipioz, eta momentuz zehaztu ez dituzten beste hainbat eragozpen eragingo dituzte trenbide-zerbitzuetan, orain arte eragiten ari diren gorabeherez gain.

Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren espainiar Estatuko idazkari Jose Antonio Santanok “Diario Vasco” egunkariari eskainitako adierazpenetan azaldu zuenez, Abiadura Handiko Trenaren hirugarren haria esaten zaionaren lanak Astigarraga eta Irun arteko bidean egiten ari dira. Halaber, ziurtatu zuen obra horiek garraio publikoa darabilten erabiltzaileei «ohikoak baino eragozpen gehiago» sortuko dizkietela.

Zehazki, Hernani-Irun tartean trenen trafikoa behin baino gehiagotan erabat moztu beharko da, lanek iraun bitartean. Hainbat asteburutan egingo dira mozketa hauek eta, arestian aipatu bezala, ia abuztu osoan geratuko da zerbitzua bertan behera, Donostia eta Irun artean.

Santano espainiar Estatuko idazkariak bilerak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin nahiz eraginpeko udaletako arduradunekin, aurreikusitako planak eta eraginak zehazteko.

ERAGOZPENAK ETENGABE

Ez da AHTaren obrek Renferen tren zerbitzuan eragina duten lehen aldia. Izan ere, apirilean Gipuzkoako aldirietako zerbitzua murriztu zuten. Irun-Brinkola aldirietako ordutegi berria ezarri zuten, eskaintza murriztuz, bide bakarra eta abiadura muga ezartzearen ondorioz, Hernani eta Donostia artean eta Andoain eta Irun tartean.