02 JUIN 2024 PILOTA Klasiko garaikide batek erabakiko du urteko txapelik preziatuena Behetik gorako Buruz Buruko baten ostean, Jokin Altunak bere hirugarren txapela nahi du jokatuko duen bosgarren finalean, eta Unai Lasok, aldiz, bere bigarrena txapelketa bikain bat borobilduz. Pronostikoek inoiz baino orekatuagoak dirudite aurten. Unai Laso eta Jokin Altuna elkarri eskua emanda, asteazkeneko material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Jon ORMAZABAL Lau eta Erdikoak eta Binakakoak pisua irabazi duten arren, Buruz Burukoko finala da, oraindik ere, esku pilotaren egunik handiena. Egun horretan -gaur 18.00etatik aurrera- erabakiko da nork jantziko duen gerriko gorria hurrengo 12 hilabeteetan, eta ikusgarria suertatzeko osagai guztiak ditu Jokin Altunak eta Unai Lasok jokatu beharreko finalak. Ezer faltatzekotan, tradizioa faltako luke gaur arratsaldeko finalak, amezketarrak eta Bizkarreta-Gereindiangoak lehen aldiz neurtuko baitituzte indarrak Buruz Buruko final batean, baina inor gutxik jartzen du zalantzan bi pilotari hauek direla, gaur egun, Aspe eta Baikoko oilarrak eta, gauzak normal joanda, aurretik Irujo eta Olaizolak, Eugik eta Belokik, Retegi II.ak eta Galarzak edo Retegi I.ak eta Lajosek bezala, hamarkada honetako kantxetako areriotasunaren protagonistak izango direla. Gainontzeko pilotarien baimenarekin, Unai Lasok azken urteetan izandako jarraitutasun eza izan da, hein handi batean, Amezketakoaren eta erroibartarraren arteko lehiari «tradizio» handiagoa izatea ekidin diona. Gerora izango zen pilotari puskaren zantzuak gero eta ageriagoak zirenean, afizionatuetan ia urtebete eman behar izan zuen aurrelari nafarrak bere enpresak kontratua berritu nahi izan ez ziolako. Behera egin ordez, Bizkarreta-Gerendiangoa indartsuago itzuli zen zirkuitu profesionalera, eta 2022ko Buruz Buruko txapela jantzi ahal izan zuen, finalean Joseba Ezkurdiari irabazita. Bigarren etenaldi handia aldakako ebakuntza larri xamar batek eragin zion. Duela urtebete inguru ebakuntza gelatik pasa zen Unai Laso eta, fenix hegaztiaren antzera, errehabilitazio prozesu zail baten ostean, pilotaren gailurrean da berriz Baikoko aurrelaria, inor gutxik espero zuenean. Jokin Altunarena, ordea, txanpon beraren beste aldea dela esan genezake, inor gutxiren esku dagoen erregulartasun baten jabe, historia egiten ari baita amezketarra. Zaila da, ia ezinezkoa, Aspeko aurrelariak kantxan egin duen guztia laburtzea, baina kasu honetan estatistikak lagungarriak izan daitezke, profesionaletan hamar urte bete aurretik egindakoak perspektiban jartzeko. Gaurkoa Jokin Altunak jokatuko duen lehen mailako hamabosgarren finala izango da, Buruz Buruko bosgarrena, eta jokatu diren azken lau txapelketetako azken partidan izango da, denera zazpi txapel jantzi dituelarik, Lau eta Erdiko lau, Buruz Buruko bi eta Binakako beste bat. Ibilbide hau guztia 28 urterekin osatu du amezketarrak, eta esaterako, Juan Martinez de Irujok 30 bete behar izan zituen 15. finala jokatzeko -lau urte beranduago, 22 urterekin egin zuen debuta Iberokoak- eta Aimar Olaizola 31 urterekin heldu zen Altunaren final kopuru horretara. BIDE DESBERDINETATIK Bitxia dirudien arren, Buruz Buruko honetan euren ibilbidean zehar izandako lerroaren kontrakoa marraztu dute batak zein besteak. Txapelketa honetan Unai Laso izan da erabat irregular eta gorabeherarik gabe aritu dena. Joanes Bakaikoa izan zuen lehen arerioa, eta atzetik etorri ziren Altuna bera, Dario, Zabaleta eta Zabala, eta errioxarra izan zen, finalerdietan, dozena bat tanto egin zizkion bakarra. Ezbairik gabe, Jokin Altunaren aurka, final laurdenetako ligaxkako lehen partida horretan jo zuen goia erroibartarrak, amezketarrari 22-7 irabaztea ez baitago edonoren esku. Eskuin horretan distirarik gabe, saketik egindako mina eta partida osoan zehar erakutsitako patxada izan ziren Unai Laso berri honen dohainik nabarmenenak, gero txapelketan zehar berretsi dituenak. Horren denbora gutxian halako jipoi batek oso faborito egingo zukeen gaurko partidarako Unai Laso, baldin eta parean duen aurkaria Jokin Altuna izango ez balitz. Are gehiago amezketarrak goranzko joera horren argia erakutsi izan ez balu. Binakako luze eta gogor baten eta gaixoaldi baten biharamunean harrapatu zuen amezketarra apirilaren 21eko partida hark, eta Unai Laso gainetik pasa zitzaion. Kontua da istripu hori kalte handirik jasan gabe kudeatu ahal izan zuela amezketarrak, pixkanaka distantziari neurriak hartuz, finalerdietan txapelketa bikaina osatu duen Iñaki Artola xehatzeraino. Partida horretan lehen norgehiagoketan erakutsi ez zuen bizitasuna agertu zuen Jokin Altunak ezker besoan, eta amezketarra kantxaren erdia bereganatu eta aurkaria alderik alde mugitzeko gai denean, oso gutxi dira berari aurre egiteko gai direnak. SAKEAREN GARRANTZIA Horien artean da, zalantzarik gabe, Unai Laso, eta ikusi beharko da bietatik nor den bere erritmoa ezartzeko gai. Printzipioz, erroibartarrak eskuinez pilota atzeratzeko gaitasun handiagoa du, nahiz eta gipuzkoarra ere fresko ikusi dugun, eta aurkaria frontisetik urrun mantentzea izango da bere lehentasunetako bat. Jokin Altunak, bere aldetik, aurkaria ezker-eskuin mugitzen saiatu beharko luke, zuzen jokatzea galaraziz, eta horretarako adibide eder bat du Artolaren aurkako finalerdikoa -alegiarra ere eskuin biziko pilotaria da-, Unai Lasok Altunaren beraren aurkako partidakoa duen bezalaxe. Horretarako, ordea, sakeak berebiziko garrantzia izango du eta, horren berdindua aurreikusten den final batean, epailearen txapak lehen sakea nori ematen dion ere garrantzitsua izan daiteke, zozketaren irabazlea takada bat egiteko gai bada. Lehen pilotakada horretan sekulako garapena izan du Unai Lasok eta, berak onartu bezala, lehen pilota jokoan jartzera joaten bazen, orain arma garrantzitsua du lehen pilotakada horretan, zuzenean ez bada, bigarren pilotakadarekin tantoaren ekimena berea izatea lortu baitu askotan. Jokin Altunak ere erakutsi du pareta bilatzen gaitasun izugarria duela -gaur egun sake denak era berean egiten dituzte pilotariek eta loratutako sake luzeak erabat desagertu dira-, eta jokaldi honekin asmatzea funtsezkoa izango da, amezketarrarentzat, Unai Lasorentzat bezala. Dena dela, halako egun handietan askotan gertatzen den bezala, momentuko tentsioa eta urduritasunak kudeatzen asmatzen duenak txapelerako bidearen zati handi bat izango du egina. Sarrera gehien-gehienak salduta -atzo azken orduan 25 geratzen ziren-, giroa ziurtatuta dago Bizkaia pilotalekuan, eta ea partidak ere erantzuten duen. GIROA Sarrera gehien-gehienak salduta -atzo azken orduan 25 geratzen ziren saltzeke-, giro ederra espero da gaur Bizkaia pilotalekuan faborito argirik gabeko partida ikusteko.