GARA Euskal Herriko egunkaria

Otegiren esanetan, antifaxismoaren abangoardian egon da beti EH Bildu

Europako hauteskunde kanpainan ahots berriak altxatzen ari dira ultraeskuina gelditzearen alde, eta ontzat ematen du hori Arnaldo Otegik, baina gogorarazi zuen EH Bildu beti egon izan dela «askatasun nazional eta sozialen aldeko borrokaren abangoardian». EAJk, aldiz, berdintasuna izan zuen hizpide, edo «lidergo femeninoaren estiloa», Oihane Agirregoitiak esan modura.

Arnaldo Otegi, atzo Donostian egindako hauteskunde ekitaldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herria «beti askatasun nazional eta sozialen aldeko borrokaren abangoardian» egon dela nabarmendu zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta iragarri zuen igandeko bozen ostean «beste kolore batez» margotuko duela berriz hauteskundeetako mapa, «Europako gainontzeko estatu eta eskualdeetatik bereiziz».

Koalizio abertzaleak ekitaldia egin zuen atzo Donostian, kanpainaren azken txanpan gogoeta batzuk mahai gainean jartzeko. Horma-irudi handi bat jarri zuten eszenatokian: alde batean Franco diktadorea ageri zen eta, bestean, Abascal, Netanhayu eta Milei. «Atzean dugun kartelak asko esaten du», adierazi zuen Otegik mitinean. Bere esanetan, EH Bildu «beti» egon da antifaxismoaren aldean: «Ez gara esaten ari zer egingo dugun, zeren egin dugu jada», zehaztu zuen. Alta, bere ustez, bestelako alderdi batzuk oraintsu batu dira diskurtso horretara, Europako hauteskunde kanpainan. «Norekin adostu zuten Trantsizioa? Norekin 78ko erregimena? Nork jarri zuen Borboia Estatuburu gisa? Nortzuk sortu zuten PP? Nortzuk babestu zuten Von der Leyen, orain Meloniri ateak irekitzen ari zaion bera? Lokatzaren makina orduan hasi zen», ohartarazi zuen koalizioaren koordinatzaile nagusiak.

Hala eta guztiz ere, Otegik ontzat eman zuen ultraeskuinaren arriskuez ohartarazten duen jarrera oro eta, ildo horretatik, «minimoen programetatik fronte zabalak» osatzera dei egin zuen, EH Bildu kide den Orain Errepublikak koalizioak egin modura.

Ulertzen zailagoa zaio, aitortu zuenez, alderdi abertzaleen artean elkarri mokoka aritzea. Ildo horretan, gaitzetsi zuen EAJ EH Bilduri kritika egiteko baliatzen ari dela kanpaina, eta horren inguruan «hausnartzeko» gomendatu zien jeltzaleei. «Zein da EAJren etsaia, EH Bildu? Guretzat, ez. Ez gaude EAJrekin eztabaidatzeko, faxista eta ultraeskuina geratzeko baizik», esan zuen.

EAJ ETA LIDERGO FEMENINOA

Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburuak, bestalde, berdintasuna izan zuen hizpide alderdiak Gasteizen egin zuen ekitaldian, eta batez ere alde ekonomikoari begiratu zion.

Baieztatu zuen «lidergo femeninoaren estiloa» lehiakortasunaren iturri eta «bakerako esperantza» dela, eta aldarrikatu zuen emakumeek, «gizartearen erdia» direnez gero, honen eraikuntzan «zeregin aktiboa» izan behar dutela.

Halaber, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak berretsi zuenez, berdintasuna, oinarrizko eskubidea izateaz gain, «giltzarria» da lehiakortasunarentzat. «Gaur egun genero arrakala da trabarik handienetako bat talentua aparatu produktibora iritsi dadin», ohartarazi zuen.

Hori dela eta, agertu zuen berdintasun politikak finantzatzea ez dela gastu bat, «inbertsio bat eta behar bat» baizik, eta esan zuen horien alde egingo duela EAJk Europako Legebiltzarrean.



Aznar Iruñera eta Esparza kezkatuta

PP dena ari da ematen Nafarroako kanpainan, UPNren falta aprobetxatu -ez da Europako bozetara aurkeztu eta boto askatasuna aitortu zien afiliatuei- eta haien botoak erakarri nahian. Alberto Nuñez Feijoo ekarri zuen Iruñera joan den ostiralean, eta Jose Maria Aznarrekin itxiko du kanpaina. Javier Esparza UPNko legebiltzarkideak, aldiz, esan zuen bere alderdia anitza dela eta PPrena ez dela hautu bakarra izango bere oinarrien artean; «batzuek gauza batzuk bozkatuko dituzte, beste batzuek beste batzuk». «Nori emango diote botoa? Uste dut Alderdi Popularraren aldetik oso harroa dela bozkatu daitekeen alderdi bakarra PP dela pentsatzea, badirudi UPNko boto-emaileari exijitzen ari dela Alderdi Popularrari eman behar diola botoa bai ala bai», adierazi zuen Esparzak. Eta PPNko buruzagiak, Javier Garciak, erantzun zion: «Beste zein alderdiri emango diote botoa orduan?».

Bestalde, Jose Maria Aznar ostiralean Iruñean izango dela gaitzetsi zuen PSNk Nafarroako Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Ramon Alzorrizek, eta argi eta garbi adierazi zuen Espainiako presidente ohia ez dela ongi-etorria «gure lurretan». GARA