GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizko Txosnek ukatu egin dute «beto politikoa»


«Berriro azpimarratu nahi dugu ‘Mugimendu Sozialista’ko bi talde gehiago ez sartzeko erabakia ez dela beto politikoa izan. Prozesu guztiz legitimo baten emaitza da», horrelaxe nabarmendu zuen Gasteizko Txosna Batzordeak atzo kaleratutako ohar batean. 150 bat kulturgileren adierazpenari erantzuten dio, hauek «beto» hitza aipatu eta konponbide eske agertu ondoren. Bide batez, gatazka zertan den azaldu zuen Batzordeak, adierazpen horren tesi nagusia gezurtatuz betiere.

«Gasteizko Txosna Batzordeak, edozein talde, asanblada eta proiektuk bezala, zilegitasun osoa du nola eta norekin lan egin nahi duen erabakitzeko. Ez da inolako aukera politikorik debekatu», argitu zuen. «‘MS’k badu ordezkaritza Gasteizko txosnetan, Ikasle Abertzaleaken bitartez», gogora ekarri zuen.

«Ez da inolako aldaketarik egon ‘MS’ren estrategian, etengabeko konfrontazioan eta konpromisoak aurkitzeko gaitasunik gabeko inposaketetan oinarritutako estrategian», ziurtatu zuen batzordeak.

«Gainerako parte hartzaileak errespetatzeko gai ez direnek prozesu hauetatik kanpo jartzen dute haien burua», laburbildu zuen. Hala ere, gatazkari konponbidea bilatzera dei egin zion ‘MS’ri.