08 JUIN 2024 AZKEN PUNTUA Antifaxismoa hauteskundeen aurrean Alberto MATXAIN Kazetaria Mon Alcorcongo lagun bat da. Duela bizpahiru urte komentatu zidan hauteskundeetan bozkatu zuela. Kuriosoa egin zitzaidan, Mon CNTko militantea baita. Kontatu zidan ez zela bakarra izan, lagun anarkista batzuek ere bozkatu zutela. Sudurra tapatuta, ezinbestean, baina ideiak garbi, boto antifaxista eman zuten. Poztu ninduen, ortodoxia doktrinarioaren gainetik egin behar zutena egiten jakin izan zutelako. Eskuzabaltasun hori balioan jartzekoa iruditzen zait. Sorpresa handirik ez badago, eskuin muturrak bihar lortuko dituen emaitzek jauzi kualitatibo bat suposatuko dute. Jada lortu du Von der Leyenek zuritzea eta baztertzeko erabakia altxatzea, eta europar popularren eta ultren arteko akordio posible batek botere esparru errealak emango lizkioke. Ukrainako gerra, genozidio sionista, krisi migratzailea eta klimatikoa eta abarren testuinguruan, suari gasolina botatzearen modukoa izango da. Ez dut Monekin hitz egin, baina ziur naiz bozkatuko duela. Sudurra tapatuta, betiere, baina ideiak garbi, badakielako lehentasuna zein den. Ongi legoke Euskal Herrian zenbait sektore antifaxistek argitasun eta eskuzabaltasun hori edukitzea. Hobe baita, baita haientzat ere, sudurrak tapatuta eustea bularra harro hondoratzen joatea baino.