08 JUIN 2024 KOLABORAZIOA Europa, ez izan konplize! Nekane BALLUERKA, Ina ROBLES, Maitane AZURMENDI, Agus HERNÁN, Dyna KHARRAT, Eduardo IBERO eta Hodei ARANGUREN Duela zazpi hilabete baino gehiagotik, genozidioaren gogorrena eta inpunitatearen adierazpen gorena ikusten ari gara. Gazako zerrenda Israelen genozidio basatiari aurre egiten ari da. Palestinaren aurkako erabateko gerra deklarazioak Gaza erabat suntsitzea ekarri du, gerrako eta gizateriaren aurkako hamaika krimen. Egoera hau onartezina da. Nazioarteko komunitateak, eta Europak bere zati gisa, beste alde batera begiratzeari utzi behar dio, eta Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarritutako negoziazio eta elkarrizketa-prozesua gidatu eta erraztu beharko luke; etorkizun hurbilean okupazioarekin amaituko duena eta eskualdean bakea nahiz egonkortasuna bermatuko dituena, presoak eta errefuxiatuak etxera itzuli ahal izateko, Gazaren aurkako blokeo kriminalarekin amaitzeko eta Palestinaren eskubide nazionalak aitortzeko. Bada garaia bakearen eta nazioarteko zuzenbidearen beharra erdian kokatzeko, biak txanpon bereko bi aurpegiak dira Palestinan eta mundu osoan. Eta horretarako, hemendik, bakea eta nazioarteko zuzenbide eraginkorra behar dugula adierazten dugu; eta bide horretatik, su-etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatu daitezen; ez-injerentzia eta autodeterminazio eskubidearen errespetua bermatu daitezen, Palestinako lurralde eta pertsonei lanabes materialak eta politikoak eman diezazkiegun libre bizitzeko eta Israelgo inpunitatearekin bukatzeko. Ekainaren 8a, Europar Hauteskundeen bezperako eguna, aukeratu dugu, Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugulako. Euskal Herriko jendarteak herrien arteko konplizitatea hobesten du, eta argiki eskatzen die Europari eta bere agintariei Israel behartu dezan genozidioa amaitzera eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzera. Har ditzala bere esku dauden neurri ekonomiko zein komertzialak Israelek hau egin dezan, eta ildo honetan, Europako Batasunari eskatzen diogu Israelekin duen merkataritza hitzarmen elkartea etetea. Gogoratu nahi dugu hitzarmen honen 2. artikuluak giza eskubideak eta printzipio demokratikoak errespetatzearekin konprometitzen dituela sinatzaileak, eta Itunei buruzko Vienako Konbentzioaren 60. artikuluak itunok aldi baterako edo behin betiko haustea ahalbidetzen duela, hitzartutakoa betetzen ez bada. Azken hau nabarmena da Israelgo Estatuaren kasuan. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak eta Yala-Nafarroa Plataformak ekainaren 8an mobilizatzeko deia egiten dugu. Aukera bat da geure indarrak biderkatzeko. Gure herrian azken hilabete hauetan Palestinaren genozidioaren aurrean erakutsi den bateratasunaren eta elkarlanaren irudia izatea nahi dugu eta, aldi berean, baita palestinarrei laguntza humanitarioa helarazten jarraitzeko borondatea azaltzea ere. Bilduko garenak ideologia eta lan esparru ezberdinetakoak gara, eta lehenetsi dugu, gure egunerokoaz gain, guztiok interpelatzen gaituen gatazka honi erantzutea. Gatazka honen aurrean posizioa ez hartzea posizioa hartzea baita. Ahal dugun guztia egin behar dugu gerra, genozidioa eta Palestinaren okupazioa geldiarazteko. Apartheida, gizateriaren aurkako krimenak eta Palestinako herriak jasaten duen erasoak amaitu egin behar dira. Euskal jendartea eta, oro har, Europako jendartea genozidioarekin bukatzeko mobilizatzera deitzeaz gain, gogoetatzera ere deitzen dugu. Inoiz ez gehiago Gernika bat, inoiz ez gehiago Palestina moduko genozidio bat. Inon ez gehiago Gernika bat eta inon ez gehiago Palestina moduko genozidio bat.