GARA Euskal Herriko egunkaria

«Arg(h)itzen», Sakanako torturatuen lekukotza jaso duen lana aurkeztu dute

“Arg(h)itzen”. Izenburu hori du Sakanan tortura pairatu duten zenbait lagunen testigantzak jasotzen dituen dokumentalak. Altsasun aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Bertan izan ziren Puri Galartza eta Joxe Aldasoro, lekukotza eskaini zuten herritarrak.

“Arg(h)itzen” dokumentalaren aurkezpena, Altsasun. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

“Arg(h)itzen” dokumentala aurkeztu zuten atzo, Altsasun. Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Sakanako udalen laguntzarekin egindako lana da, eta tortura pairatu duten 30 pertsonen testigantzak jaso ditu. Haiez gain, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli magistratu frantsesa, Iñaki Egaña historialaria eta Laura Pego kriminologoa elkarrizketatu dituzte, besteak beste.

Aurkezpenean, Unai Razkin eta Manu Gomez, dokumentala aurrera eraman duten lan taldeko kideak, bere lekukotza eskaini duten Puri Galartza eta Joxe Aldasoro, eta Ana Gorostiaga, Nafarroako Torturatuen Sareko ordezkaria izan ziren. Gomezen esanetan, «auzolan erraldoi» baten emaitza da “Arg(hitzen”. «Tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta da. Torturaz baliatzen den Estatuari egiten zaion desafioa. Lehenengo urratsa torturarekin behingoz eta betiko bukatzeko. Tortura garaitzeko», adierazi zuen.

Aipatu zutenez, «herri guztietatik altxatzen dira torturatuen testigantzak, zeinak beraien atxilotze momentuaren kontakizuna eskaintzen diguten». «Demokrazia oso batean, justiziaren jakinarazpenak postariaren eskutik jasotzen dira. Sakanako herrietan, Euskal Herrian oro har, Guardia Zibila eta poliziak gaueko ordu txikietan sartzen dira herritarren etxeetan, txirrinak bortizki sakatuz, ateak kolpatuz eta herritarrak armekin makurraraziz. Epaile batek sinatutako baimenarekin sartzen dira, hori bai», gaineratu zuten.

«Ustezko ‘demokrazia’ batean, Estatua behartua dago torturaren praktika ezkutatzera. Tortura iluntasunetik argitara ekartzea ariketa gogorra da, ahalegin eta konpromiso handia eskatzen duen ariketa», nabarmendu zuten dokumentalaren egileek, eta azaldu zuten haren grabaketan «une zailak» bizi izan dituztela, baina aurrera egitea lortu dutela. Torturaren errealitateari aurre egiteko torturatuen testigantzei erreparatzea «funtsezkoa» dela esan zuten. Izan ere, «bakoitzak bere modura bizi izan du esperientzia hori, bakoitzari bere mina eragin dio, bakoitzak bere estrategia pentsatu eta garatu behar izan du torturaren zulotik ateratzeko».

EZ ERREPIKATZEKO BERMEA

«Torturak pertsonen borondatea apurtzearen helburua duen heinean, torturaren praktika pertsonak dituen ezaugarrien arabera» zehazten dela azaldu zuten, eta, ildo horretan, «torturak duen ezaugarririk behinenetakoa sexista» izatea dela azpimarratu zuten, «sexuaren arabera modu batera edo bestera egiten delako». Gogora ekarri zuten «tortura inork inoiz imajina zezakeen zulo sakon eta beltzenean erortzera» eramaten duela hura pairatzen duena. Baina gaineratu zuten «zulo horretatik atera» daitekeela. «Atera ahal izateko oso garrantzitsua da nor- beraren ingurunetik jasotzen den laguntza», ohartarazi zuten, eta neurri politiko eta sozialak aldarrikatu zituzten torturaren egia azaleratzeko.

«Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ez dira zerutik eroriko. Torturatuak eragile aktibo gisa antolatzea funtsezkoa da, bidea egiteko», ziurtatu zuten. Eta azaldu zuten Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herrian urratsak egiten ari direla torturatuak bildu, antolatu eta beraiek eragiletza bazter guztietara barreiatzeko. Izan ere, «soilik horrela lortuko dugu egunen batean torturaren errealitatea ilunetik argitara ekartzea. Tortura inoiz, inon, inoren kontra berriz ez errepikatzeko bermea lortzea».

Agerraldian, dokumentala egitea posible egin dutenei eskerrak eman zizkieten. 239 herritarrek parte hartu dute crowdfunding-ean, eta 56 lagunek ekarpen zuzena egin dute. Sakanako 13 udalerrien eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren laguntza izan dute, eta beste zenbait eragilek ekimenean parte hartu dute, hala nola Euskal Memoria Fundazioak, Iratzar Fundazioak, Olaso Dorrea Fundazioak, Elkar argitaletxeak, Lazkaoko Beneditarren Fundazioak, Foku Ekoizpen Audiobisualak eta Ahotsa Herri Komunikabideak.