09 JUIN 2024 GAURKOA Norbere esku dagoena Larraitz UGARTE Abokatua Europako hauteskundetako igande arraroa da gaurkoa. Ez bereziki hauteskunde europar hauek besteak baino arraroagoak direlako, zita hau beti arraro egiten delako baizik. Urruneko instituzioak, urrunekoak diruditen eztabaidak, urruneko pertsonaiak... gure egunerokotasuna egunero baldintzatzen duten arren. Ez zaizkigu gustatzen, ez Von der Leyen, ez Weber eta ez Lagarde, baina «total» betean gaude «que les den» duintasunez puztutako esaldi batekin lagunduta, nola ez. Von der Leyenek esandakoek Euskal Herrian eta batik bat «nitasunean» eraginik ez balute bezala. Abstentzioa eskatzen duten kartelak ere ikusi ditut zenbait kaletan, Europako Batasun hau gustatzen ez zaiela defendatuz. Erabat zilegia iruditzen zaidan abstentzio eskaera politikoa eginez baina, ene uste xumean, hauek ere praktikan «que les den» batean, anbizio politikorik eta arriskurik hartu gabe. Ukrainako inbasioaren aurrean eskalada militaristaren alde egin edo aterabide diplomatikoak bultzatuko diren; Palestinako genozidioaren aurrean Europako Batasunak har ditzakeen erabakiek milaka palestinarren bizitzak salbatu eta estatu palestinarraren sorrera bultzatuko duen edo Israelekin kolaboratzen jarraituko duen; trantsizio energetiko urgente bati aurre egiteko har daitezkeen erabakien abiadura bizkortu edota negazionismoaren gailentzea emango den, migrazio politiken norabidea Europako herrialdeak eta jendarteak harrera herri edo politika hiltzaileen konplize izango ote garen... Hori guztia jokoan dago. Hori nahikoa ez zaionari eta norberaren afekzioei begiratuz, gure hipoteketan etor daitezkeen interes igoerak edota politika publikoetan gastuen erregela berriak badatoz, etor daitezkeen murrizketak ere jokoan daude. Asko dago jokoan, bai, ze, diotenez, eskuinak eta ultraeskuinak osaturiko blokeak inoizko emaitzarik onenak lor ditzake eta, horrek inplikatzen duen botere politikoak beldurra ematen badu ere, faxismoaren bataila kulturalean eman ahal diren aurrerapausoek are izu-ikara handiagoa eragiten dute. Europako Batasuna ezkerrekoak garenontzat panorama beltzean utziko du eta garai gogorrak etor daitezke. Horiek «nitasunean» Euskal Herriko edozein herritan bizi garen langile naizen honi eragingo ez didala pentsatzea kimera hutsa da. Zorionez herri honen tradizio antifaxista, bakezalea eta antimilitarista bizirik eta indartsu dago oraindik. Urrutitik gatoz, gerra galduetatik bizirik, printzipio eta balore berdinzale eta justiziazaletan oinarrituta, antolatzeko eta borrokatzeko kultura ondo errotuta eta norbere esku dagoena egiteko prest faxisten, militaristen eta genoziden aurrean. Erresistentziaz asko dakigu, eta, Jose Marti poeta eta iraultzaile kubatarrak zioen bezala, «resistir vale tanto como acometer». Ez dira «que les den, total...» esateko garaiak. Resistir eta acometer, biak egiteko garaiak dira. Berandu baino lehen. Agian orain, Euskal Herriko kafetegi batean, kasualitatez edota erosita, GARA irakurtzen ari zara eta artikulu honekin topo egin duzu. Agian abstentzio politiko konbentzituaren militante baino, «que les den, ze, total» taldekoa zara. Seguruenera izango duzu argumentu politikoren bat poltsikoan, zure burua lasaitze aldera. Baina, hori baino, zure bozkak ezertarako balio ez duela edota gutxirako balio duela pentsatuko duzu. Gerra galdu batean zertarako borrokatu, gerra hori zertarako den oso ondo ez badakit gainera. Pentsamendu normala da, ez da ezer arraroa. Baina ondo presente dut, bozkatzea eta bozka baliodun bat ematea pribilegio bat dela, eskubide bat izateaz gain, herri honetan askok urte luzez izan ez dugun eskubide bat. Gogoan ditut bai «nulo» bozkatu ditudan aldi guztiak. Hor ere galdera horiek pilatzen ziren. «Boto inutilen» balioaz galdetzen zidaten guztiez oroitzen naiz. Baina orduko erantzunek, bere sinpletasunean, harro sentiarazten ninduten bezala orain ere halaxe sentitzen naiz. Lehena, bagarelako norbait eta bagarelako zerbait, munduari, Europari, Espainiari eta Frantziari eta Euskal Herriari erakutsi beharreko eta harro egoteko moduko zerbait. Bozkatzen dugun aldiro egiten dugun zerbait: harro egoteko komunitate borrokalari bat, beste ezeren gainetik. Batzuetan asmatuz, besteetan hanka sartuz, baina harro, oso harro egoteko familia handi bat, besteen begietara ikusgarri bihurtzeko eta entzunak izateko eskura dituen erakusleiho guzti-guztiak aprobetxatu nahi eta behar dituena. Bigarrenik, guk betetzen ez ditugun espazioak besteek betetzen dituztelako. Espainiak Europako Parlamentuan 61 eserleku izango ditu, eta, norberak bozkatu ez arren, bete egingo dira. Matematika kontua baino ez da: norberak betetzen ez baditu, ez dira hutsik geratzen, hainbeste gorroto dituzun horiei eserlekua uzten ari zara. Beraz, «que les den» ez da hain «que les den»; te dan a ti. Azkenik, gutako bakoitza gure txikitasunean zer egiteko gai garenaren kontzientziaz umezurtz gaude batzuetan. Bakoitzak bere baitan ezer gutxi egin dezake. Baina, bakoitzak ezer gutxi egiten badu eta askok ezer gutxi hori egiten badugu, handia egin dezakegu. Ez utzi inoiz norbere esku dagoena egiteari. Nik beti lema bat izan dut: «egin eta ez egitearen artean, beti egin». Hobe da egindakoaz damutzea, ez egindakoaz baino. Gaur norbere esku dagoen guztia egiteko eguna da, hori guztia txikia izan arren: gaur bozkatzeko eguna da. Bihar izango dira beste mila miloi gauza egiteko, baina gaur kafea amaitu, papeleta bat hartu eta bost minututan keinu txiki hori epika erraldoi baten parte izan daiteke. Eta zer ederragorik, epika erraldoi bat bazterretik ikusten geratu beharrean, bere parte sentitzea baino? Bakoitzak ezer gutxi egiten badu eta askok ezer gutxi hori egiten badugu handia egin dezakegu. Ez utzi inoiz norbere esku dagoena egiteari