GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA PUNTA

«Pantera arrosek» Bilboko Iron Cup txapelketa konkistatu dute

Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzeak, Gernikako Winter Serieseko bikote txapeldunak, beste txapel bat bereganatu du, herenegun Bilboko Deportivo pilotalekuan Urrutia-Del Rioren aurka nagusitu ostean. Zaleen erantzun aparta jaso du txapelketa berri honek.

Ion Ibarluzea eta Aritz Erkiaga, atzean zaletuekin, «Iron Cup» txapelketako garaipena ospatzen. (ERAMAN JAI ALAI)

Julen Del Rioren eskuinak min eman zezakeela itxaropena zabalduta zegoen, gasteiztarrak sekulako maila erakutsi baitu azken hilabeteetan. Erabakigarria ere izan da Bilboko Deportivo pilotalekuan jokatu diren partidetan, baina Aritz Erkiagaren bertsio onenarekin topo egin zuen herenegun (15-4 eta 15-13). Porrotik ezagutu gabeko Ispasterkoaren bolada ona ligaxkako partidan bukatu zen, Bizkaiko hiriburuan, Laduche-Manciren aurka. Min eman zion porrotak bizkaitarrari, eta mindutako piztia baten moduan berragertu da ordutik, bere erremate zitalekin.

Bilboko finalean, ohartzerako, 8-1eko abantaila lortu zuten “pantera arrosek”. Kamiseta arrosarekin gailendu zen Gernikako Winter Seriesean Erkiaga-Ibarluzea bikotea, izenondo ezin aproposagoa bere eginez. Iron Cup txapelketan ere berdin egin dute, pantera arrosa legez, zarata gehiegirik atera gabe, beste txapel bat bereganatu, alegia.

Aritz Erkiagak 2024. urtean jokatu dituen final guztiak irabazi ditu, bat izan ezik -Durangoko Winter Serieseko Banakakoa, Johan Sorozabalen kontra-. Aurkari guztiek gainditu nahi duten pilotaria da, bai eta atzelari guztiek beren bikote izan nahi duten aurrelaria ere. Julen Del Riok, esaterako, berarekin irabazi zuen Gasteizko Araba Euskaraz txapelketa. Erkiagarekin jokatzeak «konfiantza» eman ziola onartu zuen gasteiztarrak GARAri emandako elkarrizketan eta, oro har, pilotari guztientzat babesa da Ispasterkoa.

Bai eta Ion Ibarluzearentzat ere. Bilboko garaipenarekin, atzelarien artean, lehendabizikoa da Jai Alai Leagueko sailkapenean -Julen Del Rioren aurretik-, soilik zirkuituko bi txapelketetan lehiatuta. Bietan, Erkiagarekin; eta bietan, txapela burura.

PILOTA BIZKORTU AURRETIK, ZIRT-ZART

Arrosen ideiek argiagoak ziruditen finala hasterako. Premia bakarra zuten eta ongi bete zuten: pilota oraindik hotz zegoela, aldeak irekitzeko baliatu, Del Rioren eskuma akitzen joateko. Izan ere, pilota gastatu ahala, bizkortzen joaten da eta, egoera horretan, bere zigilua ezartzen du atzelari gasteiztarrak.

Arrosek ongi neutralizatu zituzten Urrutiaren zein Del Rioren bertuteak. Erkiagak tanto ikusgarriak eskainiz Bilbora gerturatutako jende andanari -beste ostiral batez harmailak bete egin ziren- eta Ibarluzeak, errebesez zein eskumaz, ziurtasuna erakutsiz. Seta hasi eta buka, arrosek menderatu zuten (15-4). Urrutiak eta Del Riok ere nahiago izan zuten ideiak garbitu eta zerotik hasi hurrengo jokoan, atzetik aurrera egin eta egoera iraultzen saiatzeko.

0-5eko hasierarekin, oraindik kontatzeko asko zeukatela azpimarratu zuten horiek. Donibane Garaziko aurrelariak erremate onak egin zituen, Erkiagari aurrez aurre jokatuz. Eta Gasteizkoak tanto sorta bat egin zuen eskuinarekin, goitik behera botata. Maldan behera jarri zitzaien jokoa horiei, atsedenaldira 5-8ko abantailarekin iritsita. Jokoa gelditu eta Ispasterko piztia berriro esnatu zen arte. Bost tanto erreskadan eginda, arrosek aurrea hartu zuten (10-8) eta emozio handiko bukaera bizi izan zen, arrosen garaipena edo partida luzatzea baitzegoen jokoan, eta argi dago zaletu neutralak zer nahi duen...

11-10era hurbildu ziren horiak, baina Ibarluzeak, txapa gaineko batera iritsi, eskuinez zail jarri eta hurrengo pilotakadan errebesez tanto garrantzitsua egin zuen: 12-10. Ausart erantzun zion Urrutiak, inork uste gabe, zabalean moztuta (12-11). Baina pantera arrosak, behin markagailuan aurretik jarri zirela, ondo jakin zuten dema ixten (15-13).

ELAIA-IHART, TXAPELDUN

Emakumezkoetan emozio handiko finala eskaini zuten lau puntistek, txapela Elaia Gogenola eta Ihart Arakistainek bereganatu zutela, estrategia arma nagusi baliatuta: Erika Mugartegi markinarra jokoan sartzea saihestea.

Frida Watkins zumaiarra asko kargatu zuten. Honek pilota asko sartu zuen, baina Berriatuko aurrelaria fin aritu zen errematean: saihetseko posturan barruan, eskuinez txik-txakean, txapa gainean moztuta... Tanto zinez ederrak. Partida oso serioa jokatu zuen, atzean Arakistainek sendotasuna erakusteko. Sopelako pilotaria ongi egokitu zen atzeko koadroetara. Lehen seta 15-12 irabazi zuten marroiek eta bigarrengoa, emaitza berdinarekin, bereganatu zuten horiek. Erika Mugartegi jokoan sartu zen. Errebotearekin jokatu zuen markinarrak, eta arerioek ezin izan zuten erantzun. Durangoko finalean ere antzeko egoera izan zen, atzetik aurrera egin zuen eta desenpatera ere sasoiko iritsi zen. Herenegun, ostera, Gogenolak bere zigilua jarri zuen, seta 5-1 eta txapela irabazteko.