GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Marks eta Florence nagusi izan dira CT itzuliko zazpigarren txapelketan

Aldaketa esanguratsuak izan dira CT rankingeko lehen postuetan, El Salvadorren egin zen CT itzuliko zazpigarren txapelketaren ostean. Mutilen kategorian John John Florence hawaiiarra nagusitu zen, eta nesken kategorian, Caroline Marks estatubatuarra.

John John Florencek mutilen rankingeko lehenengo postuan jarraitzen du. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Ekainaren 9an amaitu zen CT itzuliko zazpigarren txapelketa El Salvadorren, eta aldaketa esanguratsuak izan dira rankingetako lehen postuetan. Ez da ohikoa izaten txapelketa egiteko itxaronaldi epea ireki bezain laster txapelketa hasi eta dena jarraian egitea, baina oraingo honetan horrela egin zuten Punta Roca urautsi famatuan egindako munduko txapelketan. Hiru egunetan jarraian burutu zituzten erronda guztiak, eta azkenean Caroline Marks eta John John Florence nagusitu ziren.

Metro bateko eskuin olatu garbiak izan ziren, txapelketa hasi zenetik amaitu zen arte. Momentu batzuetan olatuak apur bat handiagoak eta indartsuagoak izan ziren, baina orokorrean hiru egunetan antzeko baldintzak izan zituzten. Horrela, olatu txikietan egin ahal diren ariketa guztiak egin zituzten surflariek, eta bira indartsuak, zein aireko desberdinak eginez, ikuskizun ederra eskaini zuten.

Nesken kategorian Gabriela Bryan hawaiiarra eta Caroline Marks estatubatuarra finalean buruz buru izan ziren. Mutilen kategorian, ostera, John John Florence hawaiiarra eta Yago Dora brasildarra izan ziren finalean lehiatu zirenak.

Teahupooko txapelketaren ondoren, olatu txikietan hobeto moldatzen diren lehiakideentzat aukera bikaina izan zitekeen El Salvadorko txapelketa. Emaitza ona eskuratzeko aukera ikusten zuten batzuk, horregatik dira garrantzitsuak rankingean gertatu diren aldaketak, alegia olatu txikietako lehiakideek aparteko emaitzarik lortu ez zutelako.

Kontuan hartu behar da irailean Final Handian izango diren bost neskak eta bost mutilak hautatzeko aukera gero eta gutxiago dituztela CT mailako lehiakideek. Hiru txapelketa bakarrik baliatu ahal izango dituzte aurrerantzean emaitza hobeak lortzeko, alegia, El Salvadorkoa, Brasilgoa eta Fijjikoa.

Olatu zailetako txapelketa gehienak eginak dira. Adibidez, Pipeline eta Teahupooko txapelketak dira lehiakide gehienek beldur gehien dieten txapelketak, eta, horiek gaindituta, orain olatu txikietako txapelketen unea da.

El Salvador, Brasil eta Final Handia egiten den San Clementeko urautsietan olatu txikiak izaten dira. Aldiz olatu handietako surflariek oraindik beste aukera bat dute emaitza on bat eskuratzeko, baldin eta Fijjin olatu handiak altxatzen badira.

Hamar txapelketek osatzen dute nesken zein mutilen lehen mailako itzulia, baina, azken txapelketan soilik bost neska eta bost mutil lehiatzen direla kontuan izanik, bederatzi txapelketa dira erabakigarriak. Rankingerako bost emaitza hoberenak dira kontuan hartuko direnak; beraz, El Salvadorko txapelketaren ostean izan diren aldaketak esanguratsuak dira, baita lehiakideek Final Handian egoteko izan ditzaketen aukerak murrizten doazelako ere.

Hurrengo geldialdia Brasilen izango da ekainaren 22tik 30era bitartean, eta horren ondoren Fijin izango da CT itzuliko bederatzigarren txapelketa, abuztuaren 20tik 29ra.

MARKS VS BRYAN

Gabriela Bryan hawaiiarra eta Caroline Marks estatubatuarra izan ziren nesken finalean. Biek dituzte 22 urte, baina lehena eskuin surflaria da eta bigarrena ezkertiarra. Bryanek bira indartsuak egin zituen aurpegiz, baina Marksen bizkarkako birek puntu gehiago bildu zituzten.

Lehia gogorra izan zen nesken finalean. Horren adierazle da puntuetan izan zen alde txikia. Marksek 7’40 puntuko bi olaturekin 14’80 puntu eskuratu zituen, eta bere aurkariak, Bryanek, guztira 14’46 puntu bildu zituen 7’53 eta 6’93 puntuko olatuekin.

El Salvadorren lortutako garaipenari esker, Marks bigarren postura igo da rankingean. Lehen bost postuetan ziren nesken multzoa aurreko bera da, baina aldaketa esanguratsuak dira. Adibidez, Brisa Heenessyk lidergoa galdu eta hirugarren postura jaitsi da, eta haren lekua Caitlin Simers estatubatuarrak hartu du. Molly Picklum australiarrak postu bat behera egin du eta egun laugarren postuan da. Eta Johane Defay polinesiarrak ere postu bat behera egin duenez, bosgarren postuan jarri da. Gabriela Bryan hawaiiarrak seigarren postuari eutsi ahal izan dio, El Salvadorren bigaren geratu ostean.

FLORENCE VS DORA

Indarstu iritsi ziren finalera John John Florence eta Yago Dora. Hawaiiarra hamarreko olatu batekin erraz gailendu zen final erdietan, eta brasildarrak, aldiz, Gabriel Medina aberri kidea garaitu behar izan zuen finalera iristeko.

Florencek 8’5 puntu jaso zituen olatu batekin hasi zuen finala, eta horixe izan zen bere olatu onena. Bigarren olatu hoberenarekin 7’83 puntu jaso zituen hawaiiarrak, eta guztira 16’33 puntu bildu zituen.

Yago Dorak ere hasieran hartu zuen olatu onena, 9’77 puntukoa, baina horren ostean ez zuen lortu olatu on bat hartzea, Florencek oso ongi erabili baitzuen lehentasun araua.

Txanda amaitu zenean, Dorak 14’44 puntu bilduta zituen bi olatu hoberenekin, eta bigarren postuan geratu zen. Emaitza horri esker, Dorak bederatzi postu gora egin ditu rankingean, eta egun zortzigarren tokian da.

Kontuak honela, lehenengo postuari eutsi bakarrik ez, gainerako lehiakideei rankingean alde handiagoa ateratzea lortu du Florencek. Izan ere, gertuen zituen lehiakideek ez dituzte emaitza onak eskuratu El Salvadorren.

Griffin Colapinto estatubatuarra hirugarren postura jaitsi da, Jack Robinson australiarra bigarren tokira igo da eta Ethan Ewing australiarrak laugarren postuan jarraitzen du, baina Italo Ferreira bosgarren postutik zazpigarrenera jaitsi da, aurreneko bost lehiakideko multzotik kanpo geratu dela.. Haren lekua Jordy Smith hegoafrikarrak bete du.

Aipagarria da Gabriel Medinaren kasua ere, sei postu gora egin eta seigarren tokian kokatzea lortu baitu brasildarrak. Lehenbiziko bost postuetara hurbiltzea da lehiakideen helburu behinena, eta Medina bidean da.