GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Atzera begira


Egungo sentimendu askoren arrazoia ulertzeko, haurtzaroari begiratzeko gomendioa egin dio lagunari buru osasuna osatzen laguntzen dion profesionalak; gakoetako asko, antza, apenas gogoratu ditzakegun bizipenetan daude. Horregatik, orduan sortutako korapiloetan jarri nahi du arreta adituak, baina ustez haurtzaro zoriontsua izan zuenak ez du orduko oroitzapenak zapuzteko arriskurik hartu nahi. Beldurra ere ematen dio, egun bizi dituen egoeretan eragiteko ahalmen gehiago duela uste du. Baina zer egin iltzatuta geratu diren eta hain gozoak izan ez daitezkeen bizipenekin? Nola goxatu haiek?

Ikerketak ez dira ados jartzen, lehen oroitzapenak noiz sortzen diren esatean. Batzuek hiru urte eta erdian jartzen dute muga; beste batzuk lehenago ere sortzen direla diote, baina haietako asko ez direla gogoratzen; izatez, asko ahaztu egiten dira eta sei urtetik aurrerako bizipenak dira, dirudienez, helduarora iristean argiago oroitzen ditugunak. Ez da, ordea, dena zenbaki kontua. Gizartean balorean jartzen diren arloek ere zeresana dute, haien arabera zehazten delako, neurri batean, zer eta nola gogoratuko dugun; eta, noski, bizipenen nolakotasunak eta intentsitateak ere bai.

Hala, profesionalaren begiradapean jarri eta atzera eta atzerago joan behar izan du, gainazaletik sakonera, pozetik minera eta minetik sosegura, egun kalte egiten ari zaizkion pentsakizun eta estutasunak ere aztertu behar ditu, noski, sentitzen duen pisua eta larria arindu; lagungarri omen zaio.

Baina prozesuak berak lagunari eta bioi zer pentsa eragin digu, gu ere izan gaitezkeelako onerako zein txarrerako iltzatu daitezkeen oroitzapenen sortzaileak, guraso zein herritar gisara.

Gure esku ez dauden bizipen asko eragotzi ezinean, babesa ematearen eta esperimentazioak dakarren askatasunaren oreka finean dantzan aritzea egokitzen zaigu sarri, eta hor zalantzak eta kontraesanak azaleratzen dira une oro; agian, esperientzia atseginak sortzen desatseginak eragozten baino indar gehiago jartzen dugulako.