GARA Euskal Herriko egunkaria

Graduondokoak, erabilera eta digitalizazioa, EHUren Euskara Planaren lehentasun

EHUk Euskararen Plan Gidari berria du, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso ondotik, kontrako botorik gabe. Esan zutenez, euskararen erabilera akademiko eta soziala bultzatuko ditu.

EHUren Euskararen Plan berria 2027ra arte egongo da indarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Graduondokoen eskaintzan euskara indartzea, hizkuntzaren erabilera soziala eta digitalizazioa dira 2027ra arte EHUn indarrean egongo den Euskararen laugarren Plan Gidariaren helburu nagusiak.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan, «euskal unibertsitate publikoak berebiziko lana egin du euskarak bere lekua izan dezan zientzian, teknologian, osasun zientzietan edo gizarte zientzietan». Plan berri honen bidez, zeregin hori indartu ez ezik, helburuak ere zabaldu egin nahi dituztela esan zuen atzo.

Prestakuntzan, «lehentasun gisa» ezarri dute euskarazko graduak bermatzea, bereziki azpimarratuz hautazko irakasgaien eskaintza zabaltzeko beharra. Lanera bideratutako masterrei erreparatuko diete, eta neurriak hartuko dituzte Esperientzia Geletan.

Ikerketan eta Transferentzian, «nazioarteko aipamena duten euskarazko doktorego tesiei bultzada» emango diete. Kulturaren eta gizartearen ildoan, aldiz, euskararen erabilera bermatuko dute «zerbitzu hizkuntza gisa unibertsitate jarduera osoan». Azkenik, pertsonen ardatzean, «ahaleginak biderkatuko» dituzte langileak euskalduntzeko». %82,29koa da Tekazel (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) lanpostuen hizkuntza eskakizunen betetze maila. Irakasle-ikertzaileei dagokienez, %69,5 dira euskaraz irakasteko gai.

Euskaraz ematen dira gradu eskaintzaren nahitaezko irakasgaien %96,5. Lanaldi osoko irakasleen plazen %70 elebidunak dira, eta irakasle elebidunen ehunekoa %66 da guztizkoari dagokionez.

«AUKERA GALDU BAT»

EHUko LABen sail sindikalak azaldu zuenez, plana «guztiz eskasa, zehaztasun eta anbiziorik gabea da». Ez du aurrerapen esanguratsurik ekarriko duenik espero. Are gehiago, alderdi batzuetan egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi zuen.

Testua definitzeko prozesua «motela eta traketsa» izan dela azaldu zuen. «Sindikatuen ekarpen gehienak ez dira kontuan hartu, ezta EHUko beste langile batzuenak ere», salatu zuen.

Ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak ere kezka sortzen dio LABi. «Euskalduntzearen aldeko baliabideak nabarmen handitu ezean, euskara galtzaile aterako da». Sortu zenetik 44 urtera, «oraindik ere euskararen normalizaziotik urrun» ikusten du unibertsitate hau.