GARA Euskal Herriko egunkaria

Kutxa Fundazioak Atenea espazioa irekiko du Tabakaleran 2026an

Kutxa Fundazioak 2024-2030 bitarteko Plan Estrategikoa aurkeztu zuen atzo. Ezagutza eta jakin-mina sustatzeko eta «Gipuzkoa eta gizarte hobe bat» sortzeko baliabideak eta erremintak ematea helburu izango du. Eureka! zientzia museoa itxi egingo dute, baina Tabakaleran Atenea espazioa sortuko dute.

Kutxa Fundazioak hurrengo urteetarako bere plana aurkeztu zuen atzo. (Jon URBE | FOKU)

Kutxa Fundazioak 2024-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen atzo Tabakaleran. Orain arteko estrategia eta jarduera programak berrikusi eta eguneratzearen aldeko apustua egin dutela adierazi zuen Ander Aizpurua Fundazioko zuzendariak. Lau ardatzen inguruan antolatu dute estrategia berria, eta mugarri nagusia Tabakaleran bertan 2026ko bigarren seihilekoan ateak irekiko dituen Atenea izango da.

2030era bitarteko ikuspegiarekin osatu dute plan estrategikoa, 250 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta lau ardatzen inguruan antolatu dute. STEAM bokazioen bultzada; ezagutzaren, jakin-minaren eta sormenaren sustapena; konpromiso ekosoziala; eta garapen ekonomiko jasangarria. «Kutxa Fundazioak ezagutza zientifikoa, artistikoa eta humanistikoa eta pentsamendu kritikoa ikuspegi inklusibo eta berritzailetik sustatzeko» konpromiso berritua aurkeztu duela azaldu zuen Aizpuruak.

Kutxa Fundazioak ia hiru urteko hausnarketa prozesuaren bidez «aro berri bati hasiera emango dion jarduera-agertoki berri bat definitu» du, Aizpuruaren hitzetan. Gogoratu zuen Gipuzkoari lotutako ikuspegia eta «bokazio soziala» izan dituela Fundazioak sortu zenetik eta lurraldearen zein gizartearen aldaketak kontuan hartu dituztela estrategia berritzeko momentuan; trantsizio ekologikoa eta digitala, adibidez. Eta hori guztia norabide batean: «Gipuzkoa bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa egiten laguntzeko erantzunak sustatu eta babestea».

ATENEA ESPAZIO BERRIA

«Sormenari, jakin-minari eta ezagutza artistiko, zientifiko eta humanistikoari irekitako espazioa», horrela definitzen dute fundazioko kideek Atenea espazioa. Kutxa Fundazioak jada Tabakaleran duen espazioa (beheko solairua, eta lehen eta laugarren solairuak) eraldatzea izango da xedea. «Erakusketa guneak, inspiraziorako lekuak eta prestakuntza edo lankidetza bidezko esperientziak lantzeko espazioak izango ditu», zehaztu zuten.

Karmele Gomezek eman zituen Atenearen inguruko xehetasun guztiak, Kutxa Kultur Fundazioko Berrikuntza Zuzendariak. Orotara, 6.300 metro karratuko azalera izango du espazio berriak solairu ezberdinetan banatuta, eta 15 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Fundazioak. Tabakalerarekin erabateko harremanean egongo direla adierazi zuen Gomezek, «Tabakalerak irudikatzen duen diziplinartekotasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidean».

Kutxa Fundazioaren programa asko gauzatuko diren espazioa izango da aurkeztu berri dutena, Gomezen esanetan: «Ekipamendu berri eta berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu, eta gure komunitatearen beharrei zentzurik zabalenean erantzuteko konfiguratu dugu, proiektu aktibo eta didaktikoetan oinarrituta, ekipamendu dinamiko eta aldakorra izan dezan, analogikoa eta digitala aldi berean eskuragarri izango dituena».

Gogoetarako espazioa bihurtzea dute helburu, «entzuten edo irakurtzen dugunarekin kritikoagoak izatera bultzatzeko aurreiritzi eta joera okerrei aurre egiteko tresnak eskainiz». Espazioaren forma definitu badute ere, orain lanean dabiltza landuko diren programen eta erakusketen inguruan. Alde horretatik ezin izan zuten zehaztapenik eman. Aipatu zuten krisi energetikoa, klima aldaketa, giza eskubideak, berdintasuna, migrazio krisia edo bestelakoak lantzeko asmoa daukatela, baita orain arteko programei leku egitekoa ere.