GARA Euskal Herriko egunkaria

Gure Eskuren bideo maratoia, «nazio aitortza erdigunean jarriz»

Ekimen berri bat abiatu du Gure Eskuk: bideo maratoia. Herri aitortza aldarrikatzeko unea dela uste du eragileak, eta hori herriz herri grabatutako bideoen bidez egiteko ekimen parte hartzailea martxan jarri du. Azaroaren 16an izango da proiekzioaren egun handia.

Gure Eskuk «Bagara» dinamika aurkeztu zuen atzo, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Herri gisa koxka bat gorago jartzeko unea da», Gure Eskuk atzo adierazi zuenez. Eta hausnarketa hori egin ostean, dinamika berri baten berri eman zuten Donostian: “Bagara” bideo maratoia. Josu Etxaburu bozeramaileak azaldu zuen helburua «bideo kate erraldoi» bat egitea izango dela, herriz herri grabatutako bideoekin. Azaroaren 16an online bidezko zuzenekoa egingo dute.

«Arriskuz eta aukerez betetako uneak» dira egungoak, Etxabururen esanetan: «Eskuin muturraren gorakada Europa osoan, burujabetzaren aurkako oldarraldi jarraituak, autoritarismoaren indartzea, krisi askotarikoak…». Baina, aldi berean, Euskal Herria abagune baten aurrean dagoela ohartarazi zuen: «Espainian gobernu aurrerakoi bat dago, indar subiranisten beharra duena sostengurako. Horrek aukera eman dio bide berriak esploratzeari». Amnistiaren legea edota lurralde auziaren inguruan eztabaida zabaltzeko aukera jarri zituzten adibidetzat.

Etxaburu ilusioz eta argi mintzatu zen: «Aurrerapausoak emateko unea dela deritzogu, subiranotasuna eta herri edo nazio aitortza erdigunean kokatuz, herri gisa koxka bat gorago jartzeko. Herri gisa lorpen batzuk eskuratzeko unea da. Horri erantzun nahi dio Herri Libre Bat kanpainak». Eta hausnarketa horretatik abiatuz, Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta eragile ezberdinak biltzen ari direla adierazi zuen, egitasmo berriari bide emateko.

“Bagara” ekimena da abian jarriko dutena: «Gure herriaren nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea izango du helburu. Euskal Herriko herri bakoitza martxan jarri nahi dugu, taldeen arteko elkarlana sustatuz gurekin bat egin dezaten. Eta hala, gure herria irudikatuko dugu, bat garela eta bagarela ikusaraziko dugu». Tokian toki, bideo batean bakoitzak bere berezitasunak bilduko dituela argitu zuen Etxaburuk, eta Euskal Herriarekiko loturaz edota herriari egiten dion ekarpenaz hitz egingo duen bideoak izango direla azaldu zuen. «Herritarren artean grabatuko da, ilusioa eta sormena oinarri izanez, eta elkarlanean betiere», esan zuen.

Herrietako eragile, talde, norbanako eta abarrei bideomaratoia@gureeskudago.eus helbidearekin harremanetan jartzeko eskatu zieten, zehaztuz «zure herria zerk egiten duen berezi».

AZAROAK 16

Bideo guztiak elkartu eta kate bat osatzeaz arduratuko da Gure Esku, eta kate hori azaroaren 16an argitaratuko da. «Goizaldean hasi eta gaualdean amaituko den online zuzeneko batean bilduko dugu herri guztietan egindako lana», azaldu zuen Etxaburuk. Bideoak online ikusteko aukeraz gain, presentzialki elkartzeko tokiak ere egongo dira Donostian, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. «Maratoia hibridoa izango da», aipatu zuen, goizeko 9.00etan hasi eta hamarrak bitarte herrietan egindako bideo batzuk emitituko dira, 10.00etatik 11.00etara Baionan egingo den ekimena emitituko da, eta ondoren herrietako bideo gehiago.

Aurreratu zuten hiriburuetan kultur ekitaldiak izango direla, eta horietako bi aurkeztu zituzten: Historia Oroituz Antzerki Elkartearen “Orreagatik Iragan Hurbilera” antzezlana eta Ereintza dantza taldearen eskutik “Gu Agustina” ikuskizuna.

Ekimen parte hartzailea eta sortzailea izatea nahi dutela adierazi zuten: «Euskal Herriko herri guztietara zabalduta dago. Jendea animatzen dugu bere irudimena astintzera eta bideo-kate honen parte izatera, Euskal Herri anitz eta zabalaren parte sentitzera, Euskal Herria bere osotasunean irudikatzera».