GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakurtzea «esperientzia gogorra» izan daiteke «Nekropolia» lanean

Boris Pahorren ‘‘Nekropolia’’ lan autobiografikoa euskaratu du Santi Leonek. Bertan, eslovenierazko idazleak Bigarren Mundu Gerran nazien zenbait kontzentrazio-esparrutan izandako esperientzia kontatzen du.

Santi Leonek lan berria aurkeztu du. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Santi Leone idazle eta itzultzaileak, Alberdaniaren eskutik, Boris Pahor esloveniarraren ‘‘Nekropolia’’ lan autobiografikoa euskarara ekarri du. Pahor (1913-2022) bizi luzeko eta obra oparoko idazlea izan zen, baina segur aski hau izan zen fama handiena eman zion liburua. 1967an argitaratua, eleberri autobiografiko honetan egileak Bigarren Mundu Gerran nazien zenbait kontzentrazio-esparrutan izandako esperientzia kontatzen du.

1913an Triesten jaio zen Pahor, garai hartan Austria-Hungariako inperioa eta gaur egun Italia dena. Eslovenierazko idazle handienetako bat da, bere ibilbidean 40 liburutik gora publikatutakoa. Erresistentzia antifaxistarekin kolaboratu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta 1944an, naziek preso hartu eta Dachauko kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik, ondoren Natzweeiler-Strutnof, Mittelbau-Dura, Harzungen eta Bergen-Bergenera eramateko. Lortu zuen horietatik guztietatik bizirik ateratzea. 2022an zendu zen, jaioterrian berean, 109 urterekin.

KONTZENTRAZIO ESPARRUAK

Atzo Donostian egindako aurkezpenean Leonek azaldu zuenez, 60ko hamarkadan idazle esloveniarrak Alsaziako Natzweiler-Struthof kontzentrazio esparrura egindako bisita bat du abiapuntua liburuak, zeina «bere herriak sufritutako errepresio luzearen azken mutur gisa ikusten zuen».

«Egileak argi izaten du beti nora doan, bere gogoeten jomuga zein den, eta erraz eramaten du irakurlea berarekin», azaldu zuen Leonek. «Eslovenieraz idazten zuen eta bere burua esloveniartzat -eta jugoslaviartzat- jotzen zuen idazle honek bere herriak sufritutako errepresio luzearen azken mutur gisa ikusten zuen kontzentrazio-esparruko esperientzia eta, ondorioz, behin baino gehiagotan haren oroimenak Italia faxistak esloveniar kulturarekin izandako jarrera gogoraraziko digu», aurreratu zuen Leonek.

Honen hitzetan, lanak «irudi indartsuak, estilo landua eta hausnarketa sakonak» eskaintzen ditu, eta irakurtzea «esperientzia gogorra» da batzuetan, eta «zirraragarria» beste batzuetan. «Interesgarria beti», gehitu zuen.