GARA Euskal Herriko egunkaria
EUREKA

Kolonialismoaren indarkeriari buruzko triptikoa


Zuri-beltzeko western baten itxurako pantaila ia karratu batekin hasten da guztia. Filmaren 146 minutuek aurrera egin ahala, ordea, irudia zabaltzen eta kolorea agertzen joango da.

Lisando Alonso argentinar zuzendariaren anbizio handiko film hau hiru zatitan banatuta dago, gehienak Estatu Batuetako erreserba indigenetan gertatzen dira. Anbiziotsua izanagatik ere, Hego Dakotako indigenen erreserba horren bizitzaren erretratua era minimalistan erakusten du, ama baten eta haren alabaren istorioen bidez azaldua. Bisualki aldaketak dituen filma da eta baliabide narratibo eta estetiko desberdinez baliatzen da kontakizuna pantailaratzeko.

Aipatu dudan moduan, hiru atal horien hasiera zuri-beltzeko western itxura duen kontakizunarekin hasten da, egungo AEBetako erreserba indigenetan jarraitzen du eta Amazonasen amaitzen da, 70eko hamarkadan. Gaueko bizitzaren hiperrealismo ia dokumentala erabiltzen da Pine Ridge-ko bizitza erakusteko; plano itxiak, ilunantzean filmatuak, kontraargiekin osaturiko konposaketak… Istorio nagusiak aurrera egin eta gauetik egunera igaro ahala, elurraren tonu zuriek eszena inbadituko dute, egunaren argitasunera hurbiltzen ari den Sadieren bidaiarekin bat etorriz. Ideia narratibo eta bisual apartak ditu Alonsok, baina aurrera egin ahala indarra galtzen dute. Jatorrizko herriei lotutako trama horiez harago, lotura gutxi dago hiru atalen artean. Aktoreen aukeraketa garrantzitsua da; atal bakoitzean ikusten diren antzezpen lanak oso desberdinak diren arren, beraien artean osagarriak dira. Izen ezagunenak, Viggo Mortensen eta Chiara Mastroianni (Marcello Mastroianniren eta Catherine Deneuven alaba). Oso film interesgarria iruditu zait, intentzio apartak dituena, baina askoz hobea izan zitekeen. Lastima.