GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA ALASKAN

Esplorazioan oinarrituta, bi jarduera bikain egin dituzte bi estatubatuarrek

“Small Talk Couloir” bidearekin, Fred Caloggero eta Joseph Hobbyk Alaskako “Mantok 1” mendiaren bigarren igoera sinatu dute. Horrela, alpinistok igo gabe zegoen mendi bat eskalatu dute: “Charles” deitu diote.

Fred Caloggero eta Joseph Hobby-ren Alaskako espedizioa oso emankorra izan da. (Joseph HOBBY)

Eskuarki, izen handia duten alpinisten jarduerek oihartzun zabala izan dute. Batzuetan protagonisten izenek jarduerari berari itzala egiten diote. Eta horietako adibide asko daude. Zorionez, izen “txikia” dutenek ere, zaratarik egin gabe, goi-mailako igoerak egiten dituzte. Ez dira mediatikoak, baina merezimendu osoz hedabideen azaletan noizean behin agertzen dira.

Hein handi batean, hori Fred Caloggero eta Joseph Hobby estatubatuarrei gertatu zaie. Alaskan izan dira, eta hango mendietan eskalada bikainak egin dituzte. Hain zuzen ere, bi: Mantok 1 eta Charles mendietan. 35 urteko mendi gidari honek Caloggero (40) sokakide izan du. Mantok I mendian, adibidez, “Small Talk Couloir” bidea (M4R, 70º, 1.200 m) zabaldu dute. Ibilbide berri horrekin mendiaren bigarren igoera lortu dute. Bigarren helburua igo gabe zegoen mendi bat izan zen. “Spectre” marra (80º, 1.700 m) sortu, eta gero, eskiekin egin zuten jaitsiera ia osoa. Charles izena jarri diote mendiari.

Horiek dira Alaskara egin duten bidaiaren lerroburu nagusiak. Hobbyk berak GARAri luze eta zabal hitz egin dio Mantok I eta Charles mendietan eginiko eskaladen inguruan.

ESPLORAZIOA

«Iazko urtean, Fred eta biok Alaskara joan ginen; mendilerro horretara elkarrekin egiten genuen gure lehen espedizioa zen. Baina irteera horretan mendiek ozen hitz egin zuten. Leiho on gutxi eta ia korrika eta presaka ezer gutxi egiteko aukera izan genuen. Hortaz, etxera esku hutsik itzuli ginen. Baina biok ala biok oso burugogorrak gara eta aurten berriro ere Alaska helburu izan dugu. Inolako zalantzarik gabe, oso ezberdina izan da emaitza.

«Apirilaren 24an, hegazkin txiki batek bisita gutxi jasotzen dituen Yentna glaziarraren parean utzi gintuen. Hain zuzen ere, sona handia duen Foraker mendiaren hego-mendebaldean. Tresneria guztia kanpalekura garraiatu ondoren, biharamunean lanean hasi ginen. “Beroketa” ariketa batzuk egiteko, Mantok 1 mendia aukeratu genuen. Foraker mendiaren aurrean dago, eta soilik igoera bat zuen; duela hamasei urte Freddie Wilkinson, Petter Doucette eta Ben Gilmorek egin zutena.

«Egin behar genuen eskaladaren inguruko hainbat eite aztertu genituen. Iritzi ezberdinak izan genituen, baina gauerako kaos hori erabat apaldu zen. Biharamunean, motxila astunak bizkarrera eraman eta lehen urratsak eskiekin egin genituen. Puskatuta zegoen glaziarra zeharkatu eta helburuaren oinarrian jarri ginen; hots, mendiaren ekialdeko hormaren azpian.

«Lehen egun horretan egoera ezberdinak bizi izan genituen. Murrura eskiekin hurbiltzea nahiko erosoa eta azkarra izan zen. Baina eskalatzen hasi eta baldintzak asko aldatu ziren: elur sakona, izotza eta elurbustia. Lainoen artean jolasean aritu zen eguzkia. Horrekin batera, haizeteak izan genituen. Ertzera heldu ginenean, zorionez, kobazulo txiki bat aurkitu genuen; atseden hartzeko leku aproposa zen.

«Gorabehera handiko ertza izan zen. Momentu zehatz batean, arroka handi batek bidea itxi egin zigun. Baina ibilbide egokiago bat aurkitu genuen; hain zuzen ere, erlaitz zorrotz batera eraman gintuena. Ertzaren beste sekzio batean aldatsak igotzen eta jaisten jardun genuen. Eta azkenean, benetako gailurrera heldu ginen. Hotza eta haizea, horixe izan zen tontorrak egin zigun ongi etorria. Eskarmentu zirraragarri hori pixka bat epeltzeko, noizean behin eguzkia agertzen zen.

«Bestalde, sortutako ibilbide beretik egin genuen jaitsiera. Hainbat rappel antolatu genituen, eta deseskalada batzuk egitera ere behartuta egon ginen. Bide berriari “Small Talk Couloir” deitu diogu. Alaskako mendilerro nagusiko glaziar batzuetan esplorazioan oinarritutako espedizioak eta eskaladak egin ditut. Eta Fred-ekin egin dudan azken hau ezin dut aurrekoekin alderatu. Bakar-bakarrik egon gara, eta hori oso gustuko dut. Baina animalien aztarnak ikusita, bakardade horren aldeko apustua birpentsatu nuen. Halere, hegaztien txioekin asko gozatu genuen. Antzaren migrazioa ikaragarria izan zen; gure buruen gainetik hegan egiten ikusi ditugu.

«Mantok I mendia igo eta gero, egun bateko atsedena hartu genuen. Botatako elurrarengatik, makina bat elur-jausi sortu ziren. Gure bigarren helburuak izenik ez zuen mendi batera eraman behar gintuen. Bat’s Ears menditik ia lau kilometrora dago. 2010. urtean, Chris Wrigth eta Joey Mcbayer-ek bide berri bat zabaldu zuten ipar-mendebaldeko aurpegian. Baina eskalada hori iparraldeko ertzean amaitu zuten. Hortaz, ez zuten gailurra zapaldu.

«Eguna nahiko lainotsu sortu zen. Baina orduek aurrera egin ahala, zeru urdinak nagusitzen hasi ziren. Mendia aztertzera abiatu ginen. Zoritxarrez, inguruko beste mendi batzuek bezala, gure helburuak zintzilik zeuden seracak zituen. Eta ondoan, artesiez jositako labirintoak. Baina serac horien artean korridore bat ikusi genuen. Sekzio horrek elurrezko aldats batzuetara eramango gintuen; mendiaren ipar-ekialdeko norabidea hartzen zuten.

«Apirilaren 28an, Fred eta biok oinarrizko kanpalekua atzean utzi eta oso motibatuta adostutako bidera abiatu ginen. Ipar-ekialdeko isurira iritsi ginen. Izotza, elurra eta arrokazko tarte batzuk gainditu ondoren, berriro eskiak jarri genituen. Dr. Suess izeneko seracak utzitako aztarnen eta artesien artean ibili ginen. Gailurra lortzeko, beste ordu batzuk eskalatzen izan ginen, eta kota horretan lehen argi-izpiak jaso genituen. Azken 300 metroak aldi berean eskalatu eta luze bakan batzuk aldats pikoetan egin genituen. Argazki batzuk atera eta jaitsierari ekin genion. Rappel batzuk eskatu zizkigun, baina ia ibilbide guztia (1.500 m) eskiatzen jaitsi genuen. Charles izena jarri diogu eskalatutako mendiari. Bidearen izenak, berriz, Brocken espektroarekin lotura zuzena du. Izan ere, gailurretik gertu, erlaitz erraldoi baten inguruan, espektro hori ikusi genuen.

«Eskalada estilo asko daude, baina sormenarekin, arazoen konponbideekin, jarrera eta sasoi fisiko onarekin lotuta dauden eiteek asko erakartzen naute. Horiengatik guztiengatik, eskalada alpinoa asko maite dut.

«Amaitzeko, aipatu nahiko nuke Yentna glaziarraren inguruan dauden mendiek ez dutela bisita asko jasotzen. Thomas Budendorfer izan zen aitzindaria. 1997. urtean, Laurens mendiaren lehen igoera egin zuen; gainera, bakarka. Arestian aipatu ditudan Wilkinson, Doucette eta Gilmorek 2008an igoera berritzailea egin zuten Fin Wall-en. Azken bidaia honetan ohartu naiz klima aldaketarengatik inguru hori oso-oso arriskutsua dela. Rouge, Mantok 1, Bat´s Ears eta Mantok 2 dira alderdi horretan igo diren mendi bakarrenetarikoak. Beste espedizio batzuk izan dira, baina, oro har, eskualde horrek bisita gutxi ditu. Bi urtean behin espedizio bat egiten da».