GARA Euskal Herriko egunkaria

Logelako posterra


Surf munduari eskaini diodan gauza hoberenetako bat nire ikasleei oinarri on bat ematea izan da. Itsasoarekiko ezagutza eta olatuei aurre egiteko oinarrizko bitartekoak eskaintzea zen nire helburua, luzera begira nire ikasleei eskaini niezaiekeen gauza hoberena zela uste bainuen, eta orain, denborak ematen didan perspektibarekin, baieztatu dezaket egin nezakeen apustu hoberena zela, batez ere ikasleei eskaini niezaiekeen gauza bakanetakoa zelako.

Nirekin entrenatu nahi zuten nerabeei proba bat egiten nien lehen egunean. Kortxozko taula lodi bat eta lema gabeko taula bat ematen nien eta hiru ariketa egiteko agintzen nien. Kortxozko taularekin apar bat hartu, zutitu, eta berriz etzan behar zuten. Lema gabeko taularekin 360 graduko bira bat egin behar zuten apar batean eta beste olatu batean alde batera joan behar zuten, taularen ertzak erabiliz.

Ez naiz hasiko esplikatzen zergatik ezartzen nizkien hiru ariketa horiek, baina helburua oinarrizko jarrera lantzea zela esan dezaket. Lema gabeko taularekin ariketak egiten saiatzen ziren, baina beste ariketa, apar batean zutitu, etzan, eta berriz zutitzea, haietako askok ez zuten egiten, errazegia zela uste baitzuten. Uretatik irteten zirenean etxera bidaltzen nituen eta ez itzultzeko esaten nien. Ariketaren beste helburua diziplina ezartzea baitzen.

Antzezpenak egun bat irauten zuen. Haien seme-alabak etxera zergatik bidali nituen galdetzeko deitzen zidaten gurasoek eta nik antzezpen hutsa zela azaldu behar izaten nien. Azkenean entrenamenduak berrartzen genituen eta berriz ere lehen eguneko hiru ariketak egiteko agintzen nien. Haien iritziz erraza zen ariketa gaizki egiten zutela ohartzen zirenean hasten ziren ulertzen agindu bakoitzak arrazoi bat zuela. Ordura arte diziplinagatik aginduak betetzeko prest baziren, ariketen ostean kasu egitearen arrazoia konfiantza zen, eta ziur aski eraginkorragoa zen.

Ohartu nintzen nerabeek surfeko jarreren kontzientzia hartzeko zailtasunak zituztela. Ni surf egiten hasi nintzenean, aldizkariak altxorrak ziren. Irudi bakoitza mila bider begiratzen genuen eta horri esker ariketa bakoitzak eskatzen zuen jarrera zein zen ikasi ahal izan genuen. Tuboetako argazkiak ziren ohikoenak, beraz, oinarrizko jarrera zein zen oso ongi genekien. Gainera, surfeko bideoetako irudiak abiadura geldoan ematen zituzten, hortaz, mugimendu oro milaka argazki txikitan bezala ikusten genuen.

Aitzitik, internet heldu zenean argazkiak desagertu ziren eta abiadura gailendu zen. Ondorioz, ikasleek zailtasunak zituzten mugimendu batean ziren jarrera desberdinak irudikatzeko, mugimendua bere osotasunean irudikatzen baitzuten, barnean ziren jarrera guztiak sailkatu gabe.

Oinarrira itzultzen ginen. Bakoitzak argazki bat hautatu behar zuen, oinarrizko jarrera garden irudikatzen zuena. Argazkia egokia bazen haien logelako horman jartzeko aholkatzen nien. Baten batek oraindik haien gurasoen etxeko logelan izango du hautatutako argazkia. Egun horietako batzuetan oso gutxitan itsasoratzen dira, baina guztiek oinarrizko jarrera egoki bat dute eta ongi surf egiten dute, oinarri sendoa baitute. Hori da garrantzitsuena.