GARA Euskal Herriko egunkaria
HISTORIA EGINGO DUEN ESTREINALDI MUNDIALA

«Saturraran», 80ko hamarkadako belaunaldien euskal opera

«Zerbait historikoa egiten ari garenaren sentsazioa dut», aitortu zuen Kirmen Uribek atzo Arriaga antzokian “Saturraran” operaz mintzatzean. Ondarroarrak idatzitako libretoarekin eta Juan Carlos Perezen musikarekin, 80ko hamarkadan heroinaren mende erori zen belaunaldiaren omenezko opera garaikide honek historia egingo du. Bihar estreinatuko da.

Juan Carlos Perez eta Kirmen Uribe, opera aurrera atera duen lan taldearekin. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ez zitzaion arrazoirik falta Kirmen Uriberi. “Saturraran” operaren estreinaldia historikoa baita, ehun urte pasa direlako azken euskarazko opera antzeztua estreinatu zenetik: 1920an, Bilboko Coliseo Albian, Jesus Guridiren “Amaia” taularatu zen, Navarro Villosladaren “Amaya o los vascos en el siglo VIII” liburuan oinarrituta. Ia mende bat beranduago, Bilbon hau ere, baina Arriaga antzokian, 80ko hamarkadako heroinaren mende erori zen belaunaldia omentzen duen Juan Carlos Perez eta Kirmen Uriberen “Saturraran” opera iritsiko da. Mende bateko jauzia, musika klasikotik garaikidera doana.

Estreinaldia bihar izango da, ekainaren 20an, 19.30ean; larunbatean, hilaren 22an, berriz, 19.00etan taularatuko da beste behin. Ikuskizuna euskaraz interpretatuko da eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluak izango ditu. Sarrerak, 20 eta 42 euro artean egongo dira.

Beraz, hilabete t’erdiko lan-martxa frenetikoaren ostean, Arriaga antzokia prest dago jada euskal kulturan mugarria izango den gertakari baten protagonista izateko. Azken hamarkadatako euskal kulturako pertsona ospetsuenetako bi, bi “pope”, daude proiektu handi honen atzean, zeina Bizkaiko Aldundiari eta Arriaga antzokiari esker gauzatu ahal izan den. Izan ere, bi erakunde hauen artean ekoitzi dute ikuskizuna.

Noizbait opera bat idazteko asmoa zuen Carlos Perezek. Eta Atxagaren poema batean oinarritutako oratorio baten ostean, heldu zion azkenean asmo hari. Baina zen izan zen hastapena? Saturraran bera. «Gaztea nintzenean, musika bat egin nuen eta Joseba Alkalde poetarengana joan nintzen esanez Ezekieli buruzko opera bat egitea nahi nuela, eta hark asmatu zuen letra [“Ezekiel” (1980) mitikoa, Itoizen bigarren diskoa], orain Kirmenek egin duen bezala. Askotan horrela egiten dut: izenburua jarri eta aurrera botatzen dut».

GAIA BOTA

Bertsolariei egiten zaien legez, gaia bota zion Kirmen Uriberi. «Saturraran oso ederra da udan, baina neguan oso iluna. Eta bizitza hori da: argia eta iluna, argia eta ilunaren artean bizi garelako bizitzan, alde eta bestera», bere hitzetan. Txikitan inguruan ohikoa zen ipuina askotan entzun zuen idazleak, eta gogora etorri zitzaion enkargua jaso zuenean: Satur eta Aran maitaleak, Saturrarango haitzak bihurtu zirenean. Honi, errealitatea lotu zion. 80ko hamarkadan, Ane, alturazko arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu zuten babesa. «Nik kontatu dudana libretoan, eta askotan egiten dut hori, benetan gertatu da -argitu zuen-. Nik ez dut ezer asmatu. Ane eta Luna bizi izan ziren eta biak daude hilda. Hau omenaldi bat da belaunaldi horri, heroinarekin eta gero ihesarekin asko eta asko hil egin zirelako. Askatasuna bilatzen zuen belaunaldia zen».

Lucía Astigarragak sinatu du zuzendaritza eszenikoa, Jon Malaxetxebarria arduratu da zuzendaritza musikalaz, bai eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatzeaz ere. «Libretoak izugarrizko indar dramatikoa du; Juan Carlosen musika korista, brutalista eta gordina da», aipatu zuen. Zortzi ahots solistek interpretatzen dute opera, “Saturraranen” ahots-lan handiena duten Elías Arranz eta Andrea Jiménez buru dituen maila goreneko ahots-taldeak, hain zuzen. Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernándezek osatzen dute abeslari talde bikaina. Ez zaie erraza suertatu. «Sufritu dugu partiturarekin -aitortu zuen Itxaso Mentxakak-. Partitura hartzen duzunean eta ez daukazunean erreferentziarik, hau egiten den lehen aldea baita, biluzik zaude, itsaso handian zeu bakarrik. Behin hartzen duzunean, eta ikusten duzunean mila konpasen aldaketa, mila tonalidade... zoratzekoa da».