GARA Euskal Herriko egunkaria
LIGA F

Besokoa mantenduko du Nerea Eizagirrek


Proiektu berriari ekingo dio Realak Jose Luis Sanchez Veraren etorrerarekin, baina taldearen euskarriak sendo mantendu nahi ditu. Urrats erraldoia egin du bide horretan kapitainaren berritzearekin. Albistea iaz baino beranduago iritsi da, baina orduan baino pozgarriagoa izan da, oraingoan bi denboraldiz luzatu baitu bere kontratua Nerea Eizagirrek, 2026ra arte.

«Harro eta pozik» dago tolosarra. «Beti esan dut Reala nire lehentasuna izan dela momentu guztietan. Konfiantza daukagu proiektuan, talde polita daukagu eta konfiantza daukat berriro ere finalak eta momentu bereziak bizitzen eta ospatzen jarraitzeko». «Harro eta pozik nago talde honetan jarraitzeagatik -gaineratu zuen-, kolore hauek ahalik eta gorenen uzten saiatzeagatik». Horregatik, «etxean» dagoelako, «familiatik gertu, zaletuen beroa sentitzen» duelako eta «gustura» dagoelako, kontratua luzatzea erabaki du. «Nahi duzun lekuan egoteko aukera izatea sari bat da, eta nik aukera hori daukat», poztu zen.

2016an debutatu zuen Eizagirrek kamiseta txuri-urdinarekin eta, kontratua betez gero, hamarkada osoa emango du Realean. «Hasi nintzenean nuen ilusio berarekin nago», adierazi zuen, eta klubarekin eskutik helduta urte hauetan «nola hazi» den azpimarratu. Bide horri eutsi nahi dio. «Klub bezala hobekuntza batean gaude, gorantz goaz eta hazten eta une politak bizitzen jarraitzea espero dugu», esan zuen.