GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildurengandik aldendu, gobernu akordioa defendatzeko

Andueza, Legebiltzarrera iristean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Etapa berri bat Euskadirentzat». Hau da Eneko Anduezak, PSE-ko ordezkariak, inbestidura saioan gehien errepikatu zuen ideia. Esaldi horrekin ireki eta itxi zuen bere hitzartzea, eta bidean, EAJ-rekin lotutako akordioa defendatu eta EH Bildurekin konpartitzen ez duen guztia azaleratu zuen.

Anduezarentzat, Andoni Ortuzar eta Imanol Pradalesekin sinatutako ituna «gobernu akordio bat baino gehiago» da, «herri akordio bat». Bere hitzetan, gobernu berri honetan «herritarrek emandako indarrez» sartuko da PSE, eta, gainontzeko indar politiko eta sozialei «akordio zabalak» lortzeko eskua luzatu zien arren, argi utzi zuen: «Guk hartu dugu Euskadiren lemazain izateko ardura, eta guri dagokigu erabakiak hartzea».

Akordio horrek, era berean, hauteskundeetara PSEk eramaten zituen proposamenen «ehuneko izugarri bat» duela baieztatu zuen eibartarrak. «Plantilla handitzea Osakidetzan, osasun mentala, etxebizitza, garraio publikoaren doakotasuna, zainketa-eredu berri bat bultzatzea, Ertzaintza, berdintasuna, hezkuntza, klima-aldaketa, industria, agenda feminista erdigunean kokatzea...», zerrendatu ditu gobernu horren parte izango ez den Anduezak.

«Batzuek diagnostikoak aipatzen zituzten bitartean, guk konponbideez hitz egiten genuen», baieztatu zuen, fokua EH Bildurengana eramanez.

ZER KONPARTITZEN DUGU?

Atzoko hitzartzea, era berean, EH Bildurengandik aldentzeko alegatua izan zen. «Esaidazu, Otxandiano jauna, zer konpartitu dezakezu gurekin?», galdetu zuen Anduezak. Koalizio subiranistaren lehendakarigaiari inbestidura saio horretara aurkeztu izana ere leporatu zion.

«Otxandianok hautagai gisa aurkeztu du bere burua. Urrats hori egiten duzunean, proiektu sendo batekin egin behar duzu. Erreibindikazio subiranistetatik hasi izana argigarria da. Ezkertiarren eta abertzaleen artean, beti abertzalea aukeratzen du. Benetako zerbait bezala aurkeztu dira, eta bizitza osoan izan direnak dira, baina pastel tonuarekin», adierazi zuen Anduezak. Zentzu horretan, Ibarretxe planak suposatu zuen «porrot handia» eta Kataluniako prozesa eredu izatea leporatu zion. Bere hitzetan, Otxandianoren «Kartazko gazteluak lurra jo du», eta, aldiz, EAJ eta PSE-ren gobernuak «herri proiektu ukaezina du».

Amaitzeko, PSEren «leialtasunaz» zin egin dio Pradalesi, baina «zorrotzak» izango direla baieztatuz: «Hasteko, gehiengo batek babesten duen gobernua duzu, baldin eta akordioa betetzen baduzu. Herrialde handinahia eskatzen diot, begirune handia eta eskuzabaltasuna elkarrizketaren bidez zentzuz jokatzeko».