GARA Euskal Herriko egunkaria

Jon Hernandezek (Sumar) Imanol Pradalesi: «Gure antipodetan zaude»

Jon Hernandez, Sumarreko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Sumarreko Jon Hernandezek, zeinak Talde Mistoan egonik Voxekin konpartitzen duen osoko bilkuretan hitz egiteko denbora, Imanol Pradalesen aurka egiteko baliatu zituen bere minutuak. «Zuk bermatuta duzu inbestidura, hauteskundeetara aurkeztu aurretik ere bazenekien, zeren PSEren apustua zuek mantentzea da, gobernu desberdinak, ezkerrekoak, saiatzeko asmo guztiak baztertuta», adierazi zuen arratsaldeko bilkuran.

Hautagai jeltzalearen proposamen ekonomikoa kritikatu zuen, «aberastasunaren banaketa bidegabe» batean oinarritzen delako, Sumarreko legebiltzarkidearen ustez. «Herrialde hau langile klasearen bizkar gainean sostengatzen da, baina patronaleko zuen lagunak, gero eta ekarpen gutxiago egiteaz gain, absentismoa esaten dioten horrekin alarma eta nahasmena sortzen ari dira. Lanera huts egin behar dutenak alfer eta gaizkile gisara tratatzen dituzte, baita gaixotasunagatik bajak hartzen dituztenak ere», leporatu zion. Gainera, Iñigo Urkulluk airatu duen greben kontrako diskurtsoa albo batera uzteko gonbidapena egin zion Pradalesi.

«Publikotasunean artikulatutako herrialde bat» aldarrikatu zuen Hernandezek eta, zentzu horretan, EAJri aurpegiratu zion, Osakidetzan inbertsioak egiteaz hitz egin arren, ez duela esaten «diru horren zati garrantzitsu bat lankidetza publiko-pribatuko lagunentzat» izango dela. EAEko hezkuntza ereduari buruz, halaber, esan zuen «Europako pribatizatuenetako bat» dela.

Horregatik guztiagatik, Imanol Pradalesi adierazi zion Sumarrek defendatzen duenaren «antipodetan» dagoela.