GARA Euskal Herriko egunkaria

URREZKO MAILARA IGOTZEKO ZAMA EZ DA BERBERA: PRESARIK EZ EDO NAHITAEZ

KAE 1 ligako traineruek bihar jokatuko dute lehen estropada Pasai Donibanen, erlojupekoan. Urrezko mailara igotzeko hautagaien zerrendan daude Lapurdi, San Juan, Arkote eta Santurtzi. Momentu honetan denek koska bat gorago ikusten dute 'Erreka'. Lau taldeetako arraunlari banarekin mintzatu da GARA.

Orioko Jaitsieran, San Juan trainerua lehiatzen. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Traineruen sasoia hastera doa. Bihar askatuko dute estatxa KAE 1 ligako ontziek Pasai Donibanen jokatuko den ordulariaren aurkako estropadan. Hamabi traineru lehiatuko dira, batzuk mailari eusteko ahalegin betean eta beste batzuk, berriz, urrezko mailara igotzeko saiakeran. Azken hori lor dezaketen hautagaien zerrendan daude Lapurdi, San Juan, Arkote eta Santurtzi. Iparraldeko traineruak ez du «presarik» gorengo mailara igotzeko, Beñat Urchegi (Azkaine, 1993) Lapurdiko arraunlariak adierazi duenez: «TKEra igotzea da gure ametsa, baina gero nahiko genuke taldeak maila ematen segitzea. Epe luzeko proiektu bat da. Ez baldin bada aurten izango, ondoko urtean. Ez dago presarik».

Iaz sekulako sasoia osatu zuen Lapurdik Joseba Fernandezen aginduetara, KAE 1 ligara igo berritan, ohorezko txandan finkatu eta bigarren geratu ziren. Kanporaketetan ozta-ozta ez zuten lortu TKErako txartela. Penaz geratu ote ziren galdetuta, azkaindarrak erantzun du «pixka bat» baietz, baina «pozik» geratu zirela egin zuten lanarekin: «Agian taldearentzat azkarregia izango zen TKEra igotzea, hain fite. Nire iduriko, ongi etorri zaigu beste urte bat KAE 1en ibiltzeko».

NEGUA «MALDAN GORA», 'SOTERAK’

Santurtzirentzat iazko denboraldia gurutze bide amaiezina izan zen. «Arazoak etortzen zitzaizkigun nonahitik. Asteburu batean borrokan geunden, beste batean ni uretara joan nintzen, beste batean abordatzea edo Hondarribian gertatu zena... Dena maldan behera zihoan, balaztarik gabe. Bagenekien talde ona genuela, inondik ere pasatu genuen sufrimendua pasatzeko. Puntu eta aparte egiteko urtea izan zen», adierazi du Endika Moran (Castro, 1998) Santurtziko arraunlariak. Helburua, jaitsi berri den talde ororena: «Ahalik bizkorren maila berreskuratzea». Hori bai, ‘Itsasoko Amako’ arraunlariak badaki aurkari «oso gogorrak» dituztela, «batez ere San Juan», zeina gainerako traineruak baino «puntu bat gorago» ikusten duen.

Neguan taldea osatzeko lanak izan ditu ‘Soterak’, arraunlari askok taldea uzteaz gain, Javier Polo prestatzaileak ere esan zielako ez zuela jarraituko. Haren ordez Alexander Esteban etorri zen. «Polok esan zigunean ez zuela jarraituko, zoramena izan zen. Esteban etorri zenean, harri azpietatik arraunlariak ateratzen saiatu zen. Behingoz lortu genuen taldea osatzea, eta zulo beltz bat zirudiena badirudi forma txukuna hartzen ari dela», azaldu du Moranek.

Arkotek hiru urte daramatza hor goian, Antxon Matilla (Mundaka, 1994) taldeko arraunlariaren hitzetan, eta aurtengo helburua kanporaketetan sartzea da. Iaz bi punturengatik geratu ziren kanpoan, hirugarren egin zuten ligan. Matillak adierazi du joan den urtean lehenengo estropadetan «apur bat» huts egin zutela: «Aurreneko estropadan urrundu ginen apur bat puntuetan San Pedrotik eta Lapurditik. Gero, gutxinaka-gutxinaka, hobetzen joan ginen, baina laburra egin zitzaigun denboraldia. Hiru estropada gehiago eduki izan bagenitu, uste dut askoz ere hurbilago ibiliko ginatekeela».

SAN JUANEK, DISTIRARIK HANDIENA

Fernandezen gidaritzapean, ‘Errekak’ gorengo mailara itzuli nahi du. 2019tik ahalegin horretan huts egin dute, eta hori ondotxo daki Ander Makazaga (Pasai Donibane, 1997) San Juango arraunlariak. Taldeak «ondo ibiltzeko» aukerak izan arren, Makazagak aitortu du azken urteetan hasiera onak izan dituztela, baina gero liga iritsi eta «gauzak okertu» egin direla: «Zorrotz ari gara, baina badakigu, despistatuz gero, beste batek muturra sar dezakeela. Lana egin behar dugu. Errendimendua ona bada, hobea bilatuko dugu beti, ez gara konformatuko». Iaz laugarren geratu ziren.

Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketak dira lehen lehiaketa ofizialak, lehen neurgailuak, ikusteko udan zein ontzi ibiliko diren gorengo koskan. Distira handiena San Juanek egin du, Gipuzkoako Txapelketan laugarren denborarik onena eginda eta Euskadikora sailkatuta. Besteak beste, Orio atzean utzi zuen. Makazagaren hitzetan, ikusita trainerua nola zihoan, zenbakiak ikusita eta zein entrenamendu egiten ari ziren ikusita, bazekiten maila hori emateko gai zirela. «Taldea sekulako konfiantzarekin joan zen, eta uste dut eman genuen maila benetan emateko gai garen maila dela, ez dela bat-batean estropada on bat izan. Euskadikoan ere ikusi baitzen zein maila emateko gai garen».

Bizkaiko Txapelketan, berriz, Santurtzi eta Arkote lehiatu ziren. Plentziako ontziak ez zuen estropada ona egin, Matillaren hitzetan: «Santurtzik irabazi zigun. Txanda oso txarra egin genuen. Lehenengo kaletik zailtasun handiak izan genituen, eta ez zen gure egunik onena izan». ‘Soterak’, ordea, estropada «txukuna» egin zuten, hasieran «zalantzan» izan arren: «Beldurra genuen. Taldea oso gaztea da, eta ez genekien nola irtengo zen. Baina uste dut aurpegia eman genuela. Neguan egindako lana bere fruituak ematen ari da».

Aurkariez galdetuta, denek bat egin dute, esanez San Juan ondo ibiliko dela, orain arte ikusitakoa ikusita. «Iduri du San Juan ondo ibiltzen dela. Zarautzek eta Zumaiak ere iduri du lehengo urtetik salto bat egin dutela, eta gero Arkote eta Santurtzi goian izango dira», adierazi du azkaindarrak. Urchegiren antzera, Moranek eta Matillak azpimarratu dute ‘Erreka’ gainerakoekiko pauso bat edo bi aurrerago dagoela. Gorengo postuetan ibiltzeko trapuan sartu dituzte San Juan, Santurtzi, Arkote, Lapurdi, Zumaia eta Zarautz. Iparraldeko traineruaz Arkoteko eta Santurtziko arraunlariek esan dute «zalantzak» dituztela. «Pentsa daiteke iaz baino apur bat gutxiago ibiltzen ari dela, baina, denboraldi hasi arte ezin jakin», adierazi du Matillak.