25 JUIN 2024 19 hildako Dagestanen, sinagogen eta elizen aurkako erasoetan AEBek Ukrainari emandako misilek Krimeako hondartzan lau hildako eta 151 zauritu utzi zituen egun berean, Dagestanen hemeretzi pertsona hil zituen elizen eta sinagogen aurkako eraso batek. Bost erasotzaile hil dituela dio Errusiak eta hiru eguneko dolua ezarri du. Errusiako FSBko indarrak, erasotzaileen aurkako operazioan. (AFP) GARA MAKHATXKALA Ipar Kaukasoko Dagestanen izan diren eraso koordinatuek bi eliza, bi sinagoga eta polizia kontrol gune baten aurka egin eta hemeretzi hildako utzi dituzte. Errusiako agintariek atzo adierazi zutenez, horietatik hamabost poliziak dira, eta beste laurak zibilak, tartean apaiz ortodoxo bat. Erasoak Derbent hirian eta Dagestango Makhatxkala hiriburuan gertatu ziren, eta Errusiako FSBko indarrek bi erasotzaile «neutralizatu» zituzten Derbenten eta hiru Makhatxkalan. Berri agentzien arabera, erasotzaileak gerrarako armekin Derbent hiri zaharreko eliza ortodoxoan eta sinagogan sartu ziren. Elizako ikonoei eta sinagogari su eman zieten eta 66 urteko Nikolai Kotelnikov apaiza «modurik basatienean» hil zuten; hainbat iturriren arabera, burua moztuta. Erasoak gertatu eta berehala, Errusiako presidente Vladimir Putinek «dolumin biziena» eskaini zien «Dagestanen edo Krimean» senideak eta lagun maiteak galdu dituzten guztiei. HILDA ETA IDENTIFIKATUTA Errusiako Komite Antiterroristak atzo zabaldutako agirian, erasoetan parte hartu zuten bost ekintzaile hil zituela adierazi eta beste egile batzuk identifikatuta dauzkala iragarri zuen, egileak zeintzuk ziren eta bizirik ihes egitea zenbatek lortu zuten zehatz argitu gabe. Agiriarekin batera banatu zituen argazkietan, bestalde, uniforme militar beltza zeramaten FSBko gizonak ikus zitezkeen, armak eskuetan zituztela, odol putzu baten erdian, «operazio antiterrorista» ofizialki bukatu dela aldarrikatzeko. Gogoratzekoa da Dagestango erasoa Moskuko Crocus kontzertu-aretoaren aurkakoa gertatu eta hiru hilabetera jazo dela. Estatu Islamikoak bere gain hartu eta Kremlinek Kieveko aparatuekin lotu zuen eraso hartan 145 pertsona hil ziren. Urteetan Errusian egindako eraso handiena izan zen, eta errusiarren artean kezka zabaldu zen agintariek ez ote duten mehatxu islamista ahaztu samar, Ukrainako gerra dela-eta. Dagestanen, bestalde, juduen kontrako ekintzak ugaritu egin dira azken hilabeteotan, bereziki Gazako gerra hasiz geroztik. Iaz gehiengo musulmana duen eskualde hartako Makhatxkalako aireportua erasoz hartu zuen jendetza batek, ustez Israeldik zetorren hegaldi bateko bidaiariei erasotzeko.