27 JUIN 2024 Mark Rutte NATOko idazkari nagusi izendatuta, jakina zena baieztatu da Herbehereetako jarduneko lehen ministro Mark Rutte izendatuko dute NATOko hurrengo idazkari nagusi, Jens Stoltenberg norvegiarraren lekua hartuta. Bere egitekoa Ukraina armatzen jarraitzea izango da Errusiarekin gerra irekia eragin gabe, eta Trump gailenduko balitz, Mendebaldeko aliantza militarra kolokan ez geratzea ziurtatzea. Herbehereetako jarduneko lehen ministroa izango da NATOko zuzendari nagusi berria. (Simon WOHLFAHRT | AFP) GARA BRUSELA Ageriko sekretua zena baieztatu zen atzo. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko hurrengo idazkari nagusia Mark Rutte Herbehereetako jarduneko lehen ministroa izango da, aliantza militarreko 32 kideek aho batez hautatu ondoren. Buruzagitza momentu kritikoan etorri zaio: Errusiaren indarrek Ukrainan aurrera egiten jarraitzen dute eta AEBetako hauteskundeak bertan ditu; Donald Trumpen garaipenak kolokan jar dezake NATOren egungo jarduna. Ruttek karguan hamar urte eman dituen Jens Stoltenberg norvegiarraren lekua hartuko du urriaren lehenean Washingtonen egingo del NATOren goi-bileran. Iaztik jakina zen kargua berritzeko hautagaitza ez zuela aurkeztuko -Ukrainako gerraren ondorioz, urtebete gehiago egon da postuan-. Orain, urrira arteko trantsizioa egingo dute, orduan bihurtuko baita ofizialki idazkari nagusi Rutte. Stoltenbergek sare sozialetan zabaldu zuen mezuan, Rutte «buruzagi indartsua eta adostasun sortzailea» dela nabarmendu du, «badakit NATO esku onetan uzten dudala». UKRAINA LAGUN, TRUMP OTZAN? Herbehereetako politikari esperientziadunak, lehen ministro karguan hamalau urte eman dituenak, garai arriskutsuotan 75 urte bete dituen aliantza militarra zuzentzeko pertsona egokia dela uste dute AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak. Bere gobernu koalizioak porrot egin ostean, diplomaziarako bere trebetasunak baliatu behar izan ditu Turkiaren eta, batez ere, Hungariaren betoak altxatzeko. Joan den astean ziurtatu zuen postua, bere aurkari bakarrak, Errumaniako lehen ministro Klaus Iohannisek lasterketa utzi ondoren. Baina 57 urteko idazkari nagusi berriak zezen arriskutsuak toreatu beharko ditu. Batetik, Vladimir Putinek ordezkatzen duen mehatxua, eta, bestetik, Donald Trumpen garaipen batek suposa dezakeena. Ukrainari mota eta irismen guztietako armak ematearen aldekoa da Mark Rutte; bera izan da buru F-16 gerra hegazkinak Kievi emateko ekimenean. Bestalde, NATOko hainbat kide gerrarekin erakusten ari diren neke eta eszeptizismoari ere aurre egin beharko dio. Hori guztia, gainera, Txinari begirik kendu gabe. AEBetako presidentetzarako hauteskundeen biharamuna ere buruhaustea izan daiteke NATOren idazkari nagusi berriarentzat. Izan ere, Alderdi Errepublikanoaren hautagai Donald Trump gailenduko balitz, Mendebaldeko aliantza militarraren geroa kolokan gera liteke. Trumpek bere herrialdeak NATOren finantzaketaren zati handi bat bere gain hartzen duela aspaldi kritikatu du, eta Errusia aliantzaren ardura ekonomikoak betetzen ez dituzten herrialdeei erasotzera animatuko duela adierazi du, non eta hauteskunde kanpainako ekitaldietan. Bistakoa da Ukraina laguntzea eta Trump otzantzea ez zaiola erraza gertatuko Rutteri. Hungariako Viktor Orbani egindako promesa, mugarri NATOko zuzendari nagusia, aliantzako kargu zibil gorena, izateko «ohorea» Viktor Orbani zor dio Mark Ruttek, hari egindako promesari. Ukraina laguntzeko ekintzetan Hungariak parte ez hartzea baimenduko duela hitzeman zion Ruttek. Promesa horren arabera, soldadu hungariarrak ez dira NATO Ukrainan egiten ari den edo egingo dituen ekintzetan egongo, ezta ekintzok babesteko Hungariak emandako dirurik ere. Promesa horren ondoren kendu zuen Orbanek Rutteren izendapenari jarri zion betoa, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania sumintzen zituena. Sekulako haserreak izan dituzte biek: Orban NATOko kide «errusiazaleena» kontsideratua baita, Ukraina armatzearen aurkakoa eta soluzio diplomatikoaren aldekoa, eta Rutte, Errusiaren kontrako «belatz» erasokorrena, F-16 gerra hegazkinak Kievi emateko lehen pausoa eman zuena. GARA