GARA Euskal Herriko egunkaria
LA ESTRELLA AZUL

Musika eta zinemaren arteko ezkontza perfektua


Ez da lehen aldia orri hauetan “La estrella azul” izenburua irakurtzen duzula. Koldo Landaluze maiteak esaterako otsailean idatzi zuen film eder honi buruzko kritika “Una fascinante ruta musical y vital“ izenburupean; filma zinema aretoetara iritsi berria zen. Filmin plataformara heldu da eta aitzakia ezin hobea iruditzen zait harribitxi hau gomendatzeko. Honakoa ez da biopic bat, benetako pertsona batean oinarritzen den filma osatu du Macipek -Mauricio Aznar abeslaria-, baina oso narrazio askea eta organikoa du oinarri, gehiago du Road Movie-tik adibidez. Filmak ez du bere bizitza azaltzen, bidaia bat baizkik. Protagonistak Argentinara bidaiatuko du, adikzioaren mamua atzean utzi eta musikarekiko duen bokazioarekin berriro elkartzeko. Urteak ziren fikzioa, dokumentala eta musikaren arteko koktel batek ez ninduela hainbeste hunkitzen; “Searching for Sugar Man” izan zen akaso azkena. Fikzioa eta dokumentala uztartzen dituela aipatu dut, baita meta-zinema ere, eta hori da hobekien zukutzen duen baliabidea -filmaren hasieran esaterako gidoiaren lehen orrialdearen irudi bat ikusten dugu, ikusi berri ditugun planoen deskribapena da-. Tira, hori eta Pepe Lorenteren antzezpena, muntaia lana, gidoia eta eszenaratzea. 90eko hamarkadan girotzen da eta benetan garai horretan grabatua dirudi: altzariak, autoak, arropa… dena da sinesgarria, dena da egiazkoa. Ez ohikoa da opera prima batean honelako arrisku formalak eta narratiboak topatzea. Musikala nahiz zinematografikoa izan, sorkuntzaren balioaz hausnartzera gonbidatzen duen film ederra eta hunkigarria da. Amaiera zoragarria iruditu zait, askea, ileak tente jartzen dituen horietakoa. Maitasunez eta errespetuz betetako obra bat da, laugarren horma modu sotil eta originalean apurtzen duena. Musika eta zinemaren arteko ezkontza perfektua.