GARA Euskal Herriko egunkaria

Gorka Urbizu, Anari, Belako, Su Ta Gar, Nakar, Sune... badator EHZ jaialdia

Iritsi da Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren zaleek gorriz markatutako eguna. Gaur hasi eta igandera bitartean, lehen aldiz, Arberatzek hartuko du EHZ. Eskaintza zabala iragarri dute sustatzaileek: makina bat kontzertu, batetik, eta, ohiko ildoari jarraiki, zer pentsa eta hausnartu emango duten solasaldiak.

Iaz irudi polita eskaini zuen jaialdiak. (Patxi BELTZAIZ)

Gorka Urbizu, Anari, Ezezez, Meule, RTZ kolektiboa, Broken Brothers Brass Band, Bloñ, U, Vox Low, Auhen, Raimundo el Canastero eta Katoum. Baita Su Ta Gar, Sune, Pelax, Old School Funky Family, Rudiger, Janus Lester, Octopussy, Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia ere... Hauexek dira, besteak beste, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren karteleko izen nagusiak.

Gaur hasi eta hiru egunez, lehen aldiz Arberatzek hartuko du EHZ.

AURREKO EDIZIOEN BIDEA

Azken urteetako ildoari lotu eta oholtza gainera askotariko musika estiloak eramateko ahalegina egingo dute jaialdiaren sustatzaileek, «doinu eta adierazpen mota ezberdinak deskubriaraziz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz».

Gaur pentzean hauek arituko dira: Janus Lester, Sei Sega, Auhen, Pelax, Tshegue, Bananas, Belako, Benizze eta Meule. Plazan, berriz, Euskabaret eta Broken Brothers Brass Band. «Broken Brothers Brand Band txarangak festibalari hasiera emanen dio ostiralean Arberatzeko plazan. Pentzean, afrikar soinuak punk eta rock doinuekin nahasten dituen Tshegue bikoteak joko du, besteak beste, eta Meule taldearen musika hipnotikoak hetsiko du gaualdia», adierazi dute jaialdiaren sustatzaileek.

Biharko egitarauari dagokionez, pentzean Libe, Karma, Haira, RTZ Kolektiboa, Gorka Urbizu, Harat, Su Ta Gar, Kimule, Lysistrata, Nakar, Sune, Ke Lepo eta Vox Low igoko dira agertokira. Bestalde, plazan afrikar dantza tailerra, bertso musikatuak, Seguime (Cie ZeC), Zabala, Otonaia, Gaitamik, Anari, Punttu Kakotx eta Buuzbu iragarri dituzte.

«Larunbatean, urririk izanen den Arberatzeko plaza afrikar dantza tailerrarekin irekiko da eta ondotik bertso musikatuak herriko plaza errimaz jantziko du. Antzerki gunean, Cie ZeC zirko eta musika konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztuko du. Arratsaldean, Anari artistak eta Buuzbu taldeak kantatuko dute. Tartean, hainbat txarangak eguna animatuko dute. Pentzean, RTZ Ipar Euskal herriko rap kolektiboak bere lehen EPa aurkeztuko dio publikoari. Gorka Urbizu ere gurekin izanen dugu, beste hainbat artistaren artean. Rave eta post-punk kulturatik hurbil den Vox Low laukoteak gaualdiari bukaera emanen dio», esan dute antolatzaileek.

Igandean, pentzean Octopussy, Rudiger, Katoum, Vincen Garcia, Ezezez, Bloñ, U eta Old School Funky Family ageri dira. Plazan, berriz, Gaitero eta Zigante, Amoba eskolako orkestra, Munhogain, Seguime (Cie ZeC), Beethoven, Euskorleans, Cie Par Alleles, Pantzo Man Show, Cocanha, DJ Reimy eta Raimundo el Canastero.

«Urtero bezala, Gaitero eta Ziganteekin hasiko da igandeko eguna. Arratsaldean, Beethoven artistaren akrobaziek publikoari bertigoa emanen diote eta Pantzo Man Show-k aktualitatea jorratuko du bere umorearekin antzerki gunean. Par-Alleles konpaniak “Face à face” hip-hop dantza ikusgarria eskainiko du plazan, eta ondotik, Cocanha okzitandar talde famatua oholtzara igoko da. Arratsean, orain arte iragarri taldeez gain, Katoum, Ezezez, Bloñ eta U taldeak ariko dira», kontatu dute.

Haurrek ere egitarau berezia izanen dute beraientzat atondutako Xokoan. Larunbatean eta igandean puzgarriak, jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira bertan.

EZTABAIDA ETA MINTZALDIAK

«Arberatzeko eskola publikoan, aktualitateko hainbat gai eta erronkaren inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuak dira, hala nola: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, festibal eta musikagintzaren ereduaren inguruko hitzaldia, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, ‘Marrazkirri’ erakusketa, Euskara iniziazioa... Eztabaida xokoko programazioa berantago zehaztuko dugu», gaineratu dute antolatzaileek.

Ostatua, zirkulazioa, jana eta edana, segurtasuna, brigada berdea... urtero bezala, ehunka laguntzaile lanpostu ezberdinetan txandakatuko dira festibala egiteko. Hiru eguneko bonuak 60 euroan salgai dira eta egunez eguneko sarrerak ere eskura daitezke. Tokian bertan erosiz, hiru eguneko txartela 65 euroan izanen da, ostiral eta larunbateko sarrerak 25 euroan eta igandekoa 19 euroan.

APARKALEKUAN LO

«Kanpalekuari dagokionez, bertan lo egiteko aukera izanen dute festibalariek, baina soilik festibaleko pass-a ukanen dutenei irekia izanen da. Bertan, aparkalekuak aurreikusiak dira ehundaka autorentzat, urririk. Gune lasai bat izanen da aparkalekuetan hor lo egiteko, baina ez da furgoneta aparkalekurik izanen», esan dute edizio honen antolatzaileek.

Aurten, Ipar Euskal Herriko leku ezberdinetatik autobusak antolatu dira egunero iriste eta partitze tenore desberdinekin.