GARA Euskal Herriko egunkaria

Presoak lantokietara itzultzeko ekarpenak egiteko borondatea agertu dute sindikatuek

Gehiengo sindikalak elkarretaratze bana egin zuen atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Preso, errefuxiatu eta deportatuak etxera itzultzeko pausoak ematen jarraitzeko beharra aldarrikatu zuten.

Euskal gehiengo sindikalak atzo Bilbon egin zuen elkarretaratzea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gehiengo sindikalak elkarretaratze bana egin zuen atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, euskal presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxera itzultzeko prozesuari ekarpena egiteko borondatea publikoki adierazteko. Gainera, hori zailtzen duten salbuespenezko neurriak desagerrarazi behar direla azpimarratu zuen, eta, ildo horretan, udan zehar Sarek deitutako mobilizazioekin bat egiteko deia egin zuten.

Bilbon, zehazki Bizikidetza plazan, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxaldeko ordezkariak bildu ziren “Langileok konponbidean” eta “Salbuespen neurriak stop” lelopean, eta «ozen eta argi» adierazi zuten euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen etxera itzuli behar direla berresten dutela. Halaber, Sare zoriondu nahi izan zuten «Euskal Herrian bakea, konponbidea eta bizikidetza lortzeko» hamarkada honetan egindako lanagatik.

«Hamar urte hauetan guztion artean lortutako lorpenak esanguratsuak izan dira, baina badakigu langileok oso zeregin garrantzitsua betetzen dugula gure herrian bizikidetza lortzeko bidean», esan zuten. Horregatik, lantokietatik adierazi nahi izan zuten «euskal gizarteak konponbide integralari ekarpena» egin nahi diola, hainbeste urtetako sufrimenduaren eta eskubideen urraketaren ondoren».

Deialdia egin zuten bederatzi sindikatuen adierazpen bateratuaz gain, ELAko Joseba Villarrealek esan zuen «jazarpen judizialarekin amaitu behar» dela eta «bide demokratiko eta bidezkoetatik jo» behar dela.

LAB sindikatuko Izaskun Garciak azpimarratu zuen «preso guztiek, politikoak direnek zein ez direnek, birgizarteratzeko eta, beraz, lan duina eta lan-baldintza duinak izateko beharra eta eskubidea» dutela.