GARA Euskal Herriko egunkaria

Sanpedroetako suziriak festazaleen grina piztuko du Bizkaiko herri askotan

Sanpedroetako suziriak jaietan murgilduko ditu Bizkaiko udalerri eta auzo asko asteburu honetan, gaur bertan hasita: Mungia, Sopela, Errekalde (Bilbo), Sestao, Portugalete, Berriz, Dima, Apatamonasterio, Mundaka. Zerrenda luzea da... eta horietan prestatutako egitarauak, mardulak. Festazaleek badute non aukeratu.

Mungiako txupinazoa gaurko 20.00etan izango da. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Sanpedroen asteburua da gaur hasita gainera datorkigun hau. Eta Bizkaian, batera edo bestera begiratuta ere, festarako aukera zabal-zabala dago. Herri eta auzo franko dira suziria piztu, danbatekoa entzun eta jaietan murgiltzear direnak.

MUNGIA

Egoera horretantxe dira Mungian, adibidez: txupinazioaren zain. Ehun urte bete dituen Bentades Ikastetxeko ordezkariek botako dute San Pedro jaien estreinako txupina, eta bi asteburutan luzatuko dira, ohi bezala, Sukalki Txapelketarekin amaitzeko, uztailaren 7an.

Jai batzordeak egitarau zabala prestatu du, adin eta zaletasun guztiei zuzendutako ekitaldiekin: haurrentzako animazioa, kuadrillen arteko jokoak, bertsolariak, kale antzerkia, nekazaritza azoka... Musika arloan, ostera, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Manel Fuentes, Muxutruk, UT! & lagunak, Zetak eta Lorratz, besteak beste.

Txosnen eremuan ere egitarau zabala prestatu dute eta ez dira faltako mus txapelketa, larrain dantza, herri bazkariak, elektrotxarangak eta herriko zein kanpoko musika taldeen kontzertuak. Aukera faltarekin ez da behintzat inor kexatuko.

SOPELAN, ATZO HASITA

Asteburua iritsi arte itxaron gabe, eta ostiralaren zain egon gabe, Sopelan aurreraturik ari dira jaiak ospatzen: atzo hasi zituzten. Aurten 35 urte bete dituen Peña Txuri surf taldeari egokitu zitzaion txupinazoaren aurreko pregoia irakurtzea.

Jai egitaraua igandera arte prestatu dute: ez dira faltako umeentzako jolas parkeak, adinekoentzako bazkaria, irrintzi txapelketa, mariatxiak, elektrotxarangak, bertsolariak, erraldoi, txistulari eta panderojoleen kalejirak, pilota partida profesionalak, paella txapelketa eta artisautza azoka, beste ekitaldi frankoren artean.

Txosna batzordeak ere egitarau berezia prestatu du egun hauetarako. Ekitaldiak atzo hasi ziren, kuadrillen jaitsierarekin, eta gaur tortilla eta sangria lehiaketa eta kontzertuak izango dira. Bihar bertsolariak eta kontzertuak izango dira, eta igandean, kuadrillen arteko txapelketa eta erromeria.

ERREKALDE

Gaur hasiko dituzte jaiak Bilboko Errekalde auzoan konpartsen eta kuadrillen jaitsierarekin, txupinazoarekin eta txosnen irekitzearekin. Aurten pregoia irakurriko dutenak Ferreteria Rekalde komertzioko ordezkariak izango dira: auzoko zaharrena da; 1956an zabaldu zituen ateak, atera kontuak.

Egitaraua hamar egunez luzatuko da, uztailaren 7ra arte, eta egun bakoitza kolektibo bati eskainita egongo da: LGTBIQ+ kolektiboari, emakumeei, herriari, kuadrillei, umeei, euskarari, gazteei...

SESTAO

Ezkerraldeko udalerrian, aldiz, jaietako bigarren asteburua izango dute oraingo hau, joan den astean hasi baitziren sanjoanak ospatzeko. Gaur Zetak taldearen emanaldia izango da; bihar, herri bazkaria eta Izaro abeslariaren emanaldia, eta igandean, Orquesta Diamante. Txosnetan Moonshine Wagon eta Modus Operandi taldeen emanaldiak izango dira bihar, eta herri bazkaria, igandean.

PORTUGALETE

Ezkerraldean bada festarako aukerarik beste udalerri batean ere: Portugaleten, hain zuzen. Astelehenean ospatuko dute Giako Andra Mariaren jaia -ohi bezala uztailaren 1ean-, Berriztasuna Dantza Taldeak antolatuta. Ekitaldiak 9.00etan hasiko dira, txupinazoa eta Dominguinesen igoerarekin, eta egunean zehar ez dira faltako prozesioa, meza, pilota partidak, buruhandiak, itsas prozesioa, sokadantza, sokatira, harri-zulatzaileak, kontzertuak eta berbenak.

DIMA

Atzo hasi ziren jaiak Diman eta igandera arte iraungo dute. Gaurko jubilatuen bazkaria, pilota partidak eta erromeria daude iragarrita, besteak beste. Bihar, tortilla txapelketa, kuadrillen arteko jokoak, elektrotxaranga eta Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua eta Bidean taldearekin erromeria izango dira. Egitaraua igandean amaituko da, paella txapelketa eta bertsolarien saioarekin.

BERRIZ

Gaur hasi eta datorren asteartera arte ospatuko dira San Pedro eta Santa Isabel jaiak Berrizen. Txupinazoa gaur arratsaldean botako du Iremiñe Dantza Taldeak eta jarraian Donien Atxa jasoko dute herriko gazteek. Bihar ez dira faltako dantzari-dantza, paella txapelketa eta herri bazkaria, mozorro lehiaketa eta diskofesta. Igandean haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira nagusi, baita herri kirolak, bakailao txapelketa, bertsolariak eta dantzariak. Jaiak astearte arratsean bukatuko dira “Su lagunkoia” izeneko su eta piroteknia ikuskizunarekin.

APATAMONASTERIO

Txopoaren igoera egiten duten beste herria Apatamonasterio (Atxondo) da. Hain justu, atzo egin zuten, baita pregoiaren irakurketa ere, eta jai egitaraua igandera arte luzatuko da. Gaur herri afaria, tortilla eta bakailao txapelketa eta erromeria izango dira; bihar umeentzako jolasak, kuadrilla arteko paella, kalejira eta kontzertuak; eta igandean, nekazari eta artisau azoka, dantzariak eta pilota partidak.

MUNDAKAN, HURRENGORA ARTE

San Pedro jaiak dituzte Mundakan ere. Txistulariek eta Udalbatzak egiten duten alboradarekin ekin dituzte, goizaldean. Eta behar bezala asetzeko, aurtengo jaiak datorren asteburura arte iraungo dute: hain zuzen, uztailaren 6an sukalki eguna ospatuko dute.