GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNEKO LIGEN HASIERA

«Ziurgabetasuna nagusi», arrauneko ligak hasi aurretik

Asteburu honetan jokatuko dute urrezko mailako traineruek ligako lehen jardunaldi bikoitza Galizian: bihar Coruñan, eta etzi Bueun. Elduayen Hondarribiko presidenteak adierazi du emakumezkoetan kanporaketak saihestea dela helburua; gizonezkoen kasuan, berriz, «disfrutatzea». Alday Lekittarrako entrenatzailea «pozik» geratuko litzateke iazkoa berdinduta, eta «Lugañene» trainerua dena irabaztera aterako da.

A su vez, el Parlamento de Gasteiz mostró su «firme oposición y total rechazo» a la pena de muerte, e instó a la «abolición total» de est alcanzar el tripartito -PNV, EA y EB-, PSE y PP un consenso (Izena ABIZENA | AGENTZIA)

Ziurgabetasuna da nagusi liga hasi aurretik»; hori adierazi du behin baino gehiagotan Osertz Alday (Hondarribia, 1976) Lekittarrako entrenatzaileak asteazken honetan estreinatu den “Marea bizia” saioko lehen atalean: «Denok gabiltza gogotsu entrenatzen, ibilbide bat egin dugu, eta orain ikusiko da zer gertatzen den. Ate horren aurrean egoteak ekartzen duen ezjakintasuna da kudeatu beharrekoa». Bat egin dute harekin Andrea Astudillo (Zierbena, 1999) Arraun Lagunakeko patroiak eta Mar Larrea (Ondarroa, 1994) arraunlariak, eta Joxemi Elduayen (Hondarribia, 1969) Hondarribiko presidenteak.

Euskotren eta Eusko Label Liga irabazteko bi hautagai nagusi daude: Arraun Lagunak eta Urdaibai. Bi taldeek iaz liga eta Kontxako Bandera irabazi zituzten, eta aurtengo hiru txapelketan gailendu dira: Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan, Euskadikoan eta Espainiakoan. Hondarribiko presidenteak esan du andrazkoen liga irabazteko faboritoa Arraun Lagunak izan arren, ikusi beharko dela: «Iaz txapelketarik ez zuten irabazi, baina gero liga eta Kontxako Bandera bai. Horrelako gauzak gertatzen dira. Lehen estropadetan kanpotik, behintzat, ziurtasunarekin ikusten zaie, eta konfiantza handiz».

Ligak jarriko du nor bere tokian, eta lehen azterketa asteburu honetan izango da, Galiziako uretan. “Lugañene”-k, “Ama Guadalupekoa”-k eta “Lekittarra”-k ez dute aldaketa askorik izan multzoan, baina Larreak eta Aldayk nabarmendu dute joandakoak zenbakitan asko ez izan arren zenbait arraunlari garrantzitsuk utzi dutela taldea. «Lan askoren fruituetako bat esperientzia izaten da, eta heldutasuna duten arraunlariak joaten zaizkizunean, kezkak izaten dituzu. Hala ere, lana poliki-poliki ondo egiten saiatu gara, ahalik hobetoen», esan du Isuntzako prestatzaileak. Bide beretik, Arraun Lagunakeko arraunlariak adierazi du inor ez dela ezinbestekoa, eta jende berria egon arren indartu egin direla: «Taldeak aurreko urtean baino pauso bat gehiago eman du». Patroiak gaineratu du gazteetako batzuk ere haiekin dabiltzala ikasten, «harrobia direlako eta harrobia behar delako».

Iker Portuges Urdaibaiko arraunlariak duela gutxi NAIZen nabarmendu zuen Hondarribiak «arraunlari onak» ekarri dituela. Horren inguruan Elduayenek adierazi du «lehen ere gauza bera» esan diotela, eta berak nahiko talde «berdintsua» ikusten duela: «Gaizka Gorostiaga, Julen Castrillon... arraunlari handiak joan zaizkigu. Etorri direnetako batzuk ere esperientzia handiko eta maila handiko arraunlariak dira. Baina taldearen maila ez da hainbeste aldatzen etorri eta joan diren arraunlariengatik; guk gure bidea berreskuratu behar dugu».

«KAOSA», GIPUZKOAKOAN

“Lugañene”-k eta “Ama Guadalupekoa”-k irabazi zuten Gipuzkoako Txapelketa. Zierbenako lemazainak adierazi du estropada hori «kaosa» izan zela: «Tolosaldea nuen bigarren kaletik, eta Etxabek [Arraun Lagunakeko entrenatzaileak] esan zidan kontuz ibiltzeko. Atzera begiratu nuen, eta ez nuen Tolosaldea ikusi. Kentzeko maniobra egin nuen, baina jada ia-ia gainean genituen». Larrea Arraun Lagunakeko arraunlariak gehitu du horrelako gauzak gertatzen direnean «gutxien egin behar dena pentsatzea» dela: «Andrea [Astudillo] ikusten nuen, alde batean Orio, Donostiarra, atzean Tolosaldea... Tolosaldea gure gainera zetorren, eta eskerrak guk olatu bat hartu genuen, bestela...».

Bigarren txandan, berriz, Hondarribiak bigarren egin zuen, Zumaiaren atzetik. Elduayenek adierazi du emakumezkoek estropada «txukuna» egin zutela, baina Zumaia «indartsu batekin» topo egin zutela: «Zumaia gora datorren traineru bat izango da. Nahiko pozik geratu ginen, nahiz eta beti zertxobait gehiago nahi duzun». Hondarribiko presidenteari galdetuta ea kezkatzen ote duen ETE ligako traineru batek haien maila parekoa izatea, erantzun du beren borroka Euskotren Ligan egongo dela: «Xedea kanporaketak saihestea da. ETE ligan ontzi indartsuak izatea normala da, nesken arraun munduan oraindik proiektu berriak sortzen direlako, eta indartsuak izan daitezkeelako. Ez nau harritzen Zumaia batek Euskotren Ligako ontzien maila lortzea. Egin behar duguna da Euskotren Ligan gure maila eman, eta mailari eutsi, eta ahal bada, kanporaketetatik pasatu gabe».

Gizonezkoak, berriz, «oso ondo» ikusi zituen presidenteak. Haren ustez, Gipuzkoako Txapelketa bosgarren urtez jarraian irabaztea «sekulako balentria da», eta balioa eman behar zaio. Bizkaiko Txapelketan etxean egin zuten arraun lekeitiarrek, eta Aldayk «ontzat» jo du lortutako hirugarren postua, Urdaibairen eta Zierbenaren atzetik.

Euskadiko Txapelketan baldintzek izan zuten zeresan handia. Lekittarrako entrenatzaileari momenturen batean burutik pasatu zitzaion arraun ez egitea, batez ere logistika aldetik. «Garabitik bota behar genuen trainerua, eta ikusten genuen hortik ezin zela. Itsasoa mugitua zegoen, balizarekin ere arazoak zeuden. Arriskua ikusten genuen». Hala ere, Aldayk hausnartu du lehen jokatzen zituztela halako estropadak, eta orain «zalantza asko» daudela horrelako baldintzak topatzen dituztenean. Bide beretik, Larreak adierazi du berak ez zuela pentsatu zer-nolako olatuak zeuden, baizik eta hasi zirela berotzen, ikusi zutela zein zen egoera, eta esan zutela «gaur irabazi egin behar dugu». «Andreak ez du horrela pentsatuko baina...», gehitu du arraunlariak. «Arraunlariek ez dute asko pentsatzen», erantzun dio patroiak.

ZALANTZAK, EUSKADIKOAN

Astudilloren ustetan, «zer pentsatu ematen du», ikusita estropada egiteko modua bi aldiz aldatu zela. «2017ko Kontxako estropadaren antza izan zuen. Balizatu ezin denean, pentsatzekoa da. Guk kale bakarrera egin genuen. Joateko luzean, adibidez, ikusten duzu olatua zure kontra eta esaten duzu ‘zer arraio egiten ari naiz hemen’. Arraunlariek bakarrik bueltako luzea ikusten dute...». Jarraian Larreak erantzun dio barrez, arraunlariek lehen luzean olatuak ikusi ez, baina brankan daudenek «ipurdian sentitzen» dituztela olatuak.

Presidente baten larruazaletik, «ardura» sentitu zuen Elduayenek, «beldurra»: «Dena ondo joanda gauza ederra da, baina bere arriskua badu. Harritu ninduen mutilek binakako erlojupekoa egitea, bi kaleak segidan zirelako, bata bestearen alboan. Bueltako luzeko bidegurutzean zerbait pasatzeko arriskua zegoen. Nesken formatua gehiago gustatu zitzaidan, segurtasun aldetik egokiagoa ikusi nuen». Aldayri galdetuta ea nola bizi izan zuen barrutik gizonezkoen estropada, esan du azken luzean Iñaki Goikoetxea “Xagua”-k keinada bat egin zuela eta ia-ia Donostiarrarekin talka egin zutela. «Momentu batean ikusi nuen erditik banatuko genuela trainerua, baina zorionez konpondu zuen».

Euskotren Ligara begira, Arraun Lagunakeko patroiak eta arraunlariak esan dute iaz baino «askoz hobeto» daudela. Taldearen xedea liga eta Kontxako Bandera irabaztea da. Aurkariez galdetuta, Astudillok Donostiarrarekin du lehiarik handiena; Larreak, aldiz, Oriorekin. Aurkariak aurkari, arraunlariak uste du ohorezko txandan sartzea «oso zaila» izango dela gainerako taldeentzat, Tolosaldea indartsu ikusten baitu: «Goran dauden taldeak indartzen goaz. Tolosaldeak indarra hartu du, Donostiarrak ere bai, eta Orio beti ibiltzen da». Ohorezko txandan sar daitekeen ontzietako bat “Ama Guadalupekoa” da. Elduayen presidenteak ez du uste hor mantentzeko gai izango direnik: «Gure lekua bigarren txanda da, eta hor burutik ibiltzen bagara ez da txarra».

ERRAZAGO BEHERA, GORA BAINO

Emakumezkoetan bezala, gizonezkoetan ere talde bat dago ororen gainetik: “Bou Bizkaia”. Liga irabazteko zaku berean daude Zierbena eta Hondarribia. Lehia horren inguruan Elduayenek esan du jendeak dena «oso erraz» ikusten duela, eta «askoz errazagoa» dela hirugarrenetik laugarren edo bosgarren postura pasatzea, «gora egitea baino». «Ez nau kezkatzen zein postu lortuko dugun urte amaieran. Mutilek gehiago disfrutatzea nahiko nuke. Joan den urtean hirugarren egin genuen. Beren lekutik aterata ikusi nituen, nahi eta ezinean, pixka bat etsita, eta hainbeste sufritzea ez dute merezi. Badugu ontzia ohorezko txandan egoteko, estropadaren bat lehiatzeko, baina bi goiko traineru horiek oso indartsu daude, eta aurrea hartzea oso zaila izango da». Isuntzak zortzigarren amaitu zuen iaz Eusko Label Ligan. Aldayk adierari du postu hori ospatu zutela Urdaibaik liga irabaziko balu bezala, eta hori berdintzea «oso zaila» izango dela, ez baitago soilik beren esku: «Talde asko gaude oso berdinduta. Neguan bai Ondarroak, bai Kaikuk maila polita erakutsi dute. Iazkoa berdinduko bagenu, oso pozik geratuko nintzateke».