GARA Euskal Herriko egunkaria

Von der Leyen, Kallas eta Costa, Europar Batasuneko goi-agintaritza berria

Ezkerretik hasita, Von der Leyen, Kallas eta Costa. (Olivier HOSLET | AFP)

Ezustekorik gabe, Bruselan egindako bileran, Europar Batasuneko liderrek blokeko goi-agintaritza adostu dute: bigarren agintaldirako, Ursula Von der Leyen alemaniarra, Europako Batzordeko lehendakari; Kaja Kallas estoniarra Atzerri Politikarako burua izango da, eta Antonio Costa portugaldarra, Europako Kontseiluko presidentea. Izendapen horiekin, EBko goi karguak banatzeko akordioa egina zuten EAP Europako Alderdi Popularreko, S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistako eta Renew Europeko (liberalak) negoziatzaileek adostutakoa eszenaratu da.

Von der Leyen eta Kallas diplomaziaburu berria Errusiaren aurkako «belatz» gerrazale ezagunak dira, eta orain arteko politikekin jarraituko dutela uste da; are gehiago, beste «belatz» gerrazale bat, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministro ohia, NATOko idazkari nagusi izendatu dutenean. Hala ere, bereziki Von der Leyenen kasuan, ez da erabateko adostasunik izan Europako liderren artean. Italiako Giorgia Melonik ez du babestu, eta oso haserre azaldu da «izendapenerako metodoa eta muina guztiz okerrak» direlako.

NAHIKOA DIRUDI, BAINA...

Dena den, izendapena Europako Parlamentuak berretsi beharko du —ez dute saio horretarako datarik jarri oraindik—. 720 eserleku ditu Ganberak, eta Von der Leyenek 361 boto beharko lituzke. Popularren, sozialdemokraten eta liberalen artean 399 dituzte. Baina Meloniren Fratelli d'Italiako 24 europarlamentarien ezezkoarekin ez da ezer ziurra. Bozketa sekretua da, eta Von der Leyenek bere talde parlamentarioaren botoak ere ez dauzka ziurtatuta.