GARA Euskal Herriko egunkaria

Enargia kooperatiba, krisitik zer ikasia atera eta norabidea finkatzeko bidean

Ekainaren 22an, I-Ener eta Enargiak beren biltzar nagusiak burutu zituzten Uztaritzen. Etorkizuneko norabide nagusiak zeintzuk izanen diren erabakitzeko parada izan zen, baina baita lantaldeak plantan ezartzekoa ere, Enargiak ez dezan berriz gobernantza krisirik jasan, urte honen hastapenean gertatu den gisara.

Enargiaren biltzar nagusia, Uztaritzen, ekainaren 22an. (Nahia GARAT)

Orrialdea pasatu eta oinarri berrien gainean eraikitzen hasi. Urte honen hasieran Patxi Bergara zuzendari nagusiaren kargugabetzea ekarri zuen barne krisi larriak astindu ondotik, gobernantza eredu berri baten mugarriak ezarri ditu Enargiak. Ildo nagusiak eztabaidatu eta bozkatu zituzten ekainaren 22an, Uztaritzen, tokiko argindar hornitzaile kooperatibaren eta I-Ener argindar berriztagarri ekoizlearen biltzar nagusien kari.

«Ezohiko parte hartzea izan da», erran zuen Mael Rampillon I-Enerreko lehendakariak: «Partzuergo eta bazkideek gehiengo zabalez bozkatu dute I-Enerren zuzendaritza batzordeak eta Enargiaren administrazio batzordeak aurkeztutako ebazpenen alde».

«2023an krisiaren iturburuan ziren gaiak landu ditugu elkarrekin», jarraitu zuen Enargiako lehendakari Iban Lizarraldek. Lehen emaitza: bi konpainien arteko gobernantza bateratua lantzea, bereziki, Enargiaren barruan ordainketa politikak berrikusteko, «krisi honen muinean zen gaia», Lizarralderen erranetan.

«Bi taldeen arteko soldata ezberdintasuna dugu. Batetik, Enargiako langileena erregai-banatzaileen hitzarmen kolektiboaren arabera egokitzen da. Bestetik, bi ingeniari biziki kualifikatu badira I-Enerren, hazkundeari darraion lanbide-arteko gutieneko soldata (smic) irabazten dutenak. Gai hori lehentasunezkoa izanen da», azaldu zuen Arnaud Boudouk, I-Enerreko garapen arduradun eta Enargiako zuzendari nagusiak.

OREKATZEA

Bigarren egitekoa bi entitateen arteko «balioen banaketa» izanen da, bat onuradun eta bigarrena gorrian delarik. «Diru sartzerik gabe eramaten ari garen proiektu anitzen ondorioz, 2023an 200.000 euroko defizit berezia izan genuen I-Enerren, Enargian ‘+ 200.000’ izan dugun bitartean. Deitoragarria da aitzineko zuzendaritzak ez prestatu izana bi konpainien arteko hitzarmenik, I-Enerren zuzendaritza batzordeak hori eskatu ziolarik 2023an», azpimarratu zuen Boudouk.

ZUZENDARI NAGUSI ORDEZKARIAK

Hori ez zen izan Bergarari igorri zioten ziri bakarra, ordezkarien iragarpenen arabera, azken izendatuaren estatutuak aldatzearen esperoan, «lan egiteko manera kolektiboagoa» iragarri baitute, «kooperatiba bat pertsona bakarra baten gain izateari uzteko».

Ildo horretan, «gaur egun eskura dugun manera bakarra zuzendari nagusi ordezkariak izendatzea da. Heldu diren asteetan eginen da», adierazi zuen Marion Pichery Enargiaren administrazio kontseiluko Bizi!-ko ordezkariak. Ondokoak izanen dira izendatuak: Marie-Pierre Arrieta, Scop Atelier Lan Berriko kudeatzailekidea; Jean-Michel Berra, Sokoako zuzendari ohia, eta Marion Pichery, izendapenaren mementoan administrazio kontseilua utziko duena.

Kontuan hartu behar da Sokoa eta Herkideko ordezkari iraunkorrek, hau da, Timothee Acheritogarayk eta Joseph Bergarak (Patxi Bergararen aita) kooperatiban dituzten parte guziak kentzea eskatu dutela, «manera pertsonalean». Izan ere, ez dira gehiago Enargiaren administrazio kontseiluko kide izanen. Ordezkatzen zituzten egiturek, kontrara, ordezkari berriak bilatu beharko dituzte.

ENERGIAREN BESTA

2024ko urriaren 5etik goiti, Energiaren Bestan, hainbat lantalde plantan ezarriko dira ofizialki. Horien egitekoa, funtsean, enpresaren estatutuak berridaztea izanen da. Azken hauek aurkeztuko dizkiete bazkideei eta bozketara eramanen dituzte, ondoko Biltzar Nagusian, 2025ean.