GARA Euskal Herriko egunkaria
KINDS OF KINDNESS

Doako probokazioen film pretentziosoa


Triptiko forma duen fabula moduko bat da, istorio bakoitzean aktore berberek pertsonaia desberdinen rola jokatzen dute. Premisa oso interesgarrietatik abiatzen dira hiru istorioak, baina gidoia garatu ahala, interesa eta zentzua galtzen dute. Lanthimos-en helburu nagusia deserosotasuna sortzea da, zirikatzea, eta hori ezin hobeto lortzen du, baina transgresore izan nahiaren esfortzua gehiegi antzematen zaio, zenbait sekuentzia gustu txarrekoak iruditu zaizkit. Guztiz doakoak diren une ugari ditu filmak; probokazioak zentzu bat izan behar du, hori justifikatzen duen mezu bat. Deserosoak diren sexu eszenak, biluzi ugari -hara! kasualitatea nagusiki emakumeenak-, odola, anputazioak…Formula etengabe errepikatzen du eta nekagarria iruditu zait. Ikuslearen arreta mantentzeko txakur bat zauritu behar bada edota hildako bat berpiztu, prest dago horretarako, baina inolako justifikaziorik gabe. Zinemagileak hoztasunez filmatzen du hori guztia, distantzia gehiegi erabiliz, eta ia txotxongiloak diruditen pertsonaiak eraiki ditu. Tira, guztia ez, emakumeen bularrak edota Stone eta Dafoe-ren arteko musua zehaztasunez ikus ditzagun gertuko planoak erabili ditu. Aktoreen lana itzela da -Jesse Plemons-ena bereziki-, beraiei esker ez zait filma luzea egin, baina noraezean doazen piezak iruditu zaizkit, robotak bailiran. Okerrena zera da: era honetako filmek, behintzat, arrastoa uzten dutela, barrenak nahasi eta egunak egoten dira garunean iltzaturik. “Kinds of Kindness”-ek hori ere ez du lortu: ordu gutxitan ahaztu dut. Asaldatzea eta barrea eragitea ziren zuzendariaren bi helburu nagusiak, eta nire kasuan ez du lortu ez bata ez bestea. Doako probokazioen film pretentziosoa iruditu zait.