GARA Euskal Herriko egunkaria
BLONDI

Emakumeei buruzko film militantea


Dolores Fonzi aktore argentinarra sarritan ikusi dugu pantailan; hainbat antzerki obra eta filmetan parte hartu du. Bada, kasu honetan bere lehen film luzea zuzendu eta estreinatu du: “Blondi”. Blondi eta Mirko lagun minak dira. Oso gustura bizi dira elkarrekin, musika bera entzuten dute, film berak ikusten dituzte, lagun berberak dituzte, dena perfektua da euren artean... Baina, ia adin berekoak diruditen arren, Blondi Mirkoren ama da. Filmaren bizkarrezurra ama horren eta bere semearen arteko harremana da. Santiago Rovito aktore gaztea izan du bidaide Fonzik.

Proiektua 2017an prestatzen hasi ziren, Laura Paredesekin gidoia idazten hasi zenean; pandemiaren ondoren, eta prozesu luze baten ostean, erabaki zuen berak zuzenduko zuela filma. Duela urte batzuetatik hona, gidoigile eta zuzendari belaunaldi berri baten etorrerak, zorionez, amatasunaren irudia aldatu du, begirada patriarkalari lotu gabeko istorio berri, konplexu eta askotarikoekin. «Film militantea da, emakumeei buruzkoa, emakume ezkongabeei buruzkoa, aitatasunik gabeko kontakizuna», azaldu du.