GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Iker Elizalde
EH Bairen ordezkaria, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko hautetsia

«Iduritzen zaigu hiru hautes-eremu hauetan irabazteko aukerak ditugula»

Frantziar Asanblearako hauteskundeen bigarren itzulian «lehia estua» izango den arren, Fronte Popular Berriaren aukerekiko baikor da Iker Elizalde EH Baiko ordezkaria. Banan-banan aztertu du hautesbarruti bakoitzeko testuingurua.

(Bob EDME)

Hiru egun baino ez dira falta frantziar Estatuko legegintzarako hauteskundeen bigarren itzulirako. Euskal Herriari dagozkion barrutietan ezin da aurreratu zer gertatuko den, aurreko itzulian aski pareko gelditu baitziren aukera nagusiak. EH Bai parte den NFP Fronte Popular Berrian, lehen itzuliko emaitzei eusteko (lehen indarra izan zen hautesbarruti orotan) eta horiek hobetzeko moduan daudela sinetsita daude. «Iduritzen zaigu hiru hautes-eremu hauetan irabazteko aukerak ditugula, lehia estua izanen dela eta, beraz, dei egiten dugu guzti-guztien mobilizatzea igande gauean garaipena ospatu dezagun», esan zuen Iker Elizalde EH Bairen ordezkariak Naiz Irratiko elkarrizketan.

EAJk, aurrekaririk gabeko erabaki batean, Fronte Popular Berria bozkatzera deitu du, eta Peio Etxeleku alderdiko buruak berak baieztatu du koalizio horretan aurkeztu den EH Baiko Peio Dufauri emango diola botoa. Jeltzaleek euskal jendarteak eskatzen duenarekiko maila eman dutela balioetsi zuen Elizaldek.

Biarnok eta Ipar Euskal Herriak partekatutako laugarren hautesbarrutian hiru alderdien artekoa izango da jokoa, Jean Lasalle erregionalista-kontserbadoreak ez baitu atzera egin.

EH Baiko kidearen arabera, «Jean Lasalle, etorkizuna baino gehiago, iragana da». Aitzitik, konfiantza handia du NFPko Iñaki Echanizengan. Hirugarren hautagaia Sylviane Lopez ultraeskuindarra da; «ez da han bizi ere».

Bosgarren hautesbarrutian, RN Batasun Nazionalari baino ez dio aurre egin beharko Fronte Popularrak. Zaila da jakitea, ordea, macronista kontserbadoreenek ezker abertzaleari botoa emanen dioten. Biarritzetik Hendaiara eta barnealderantz hedatzen den seigarren hautesbarrutia da hautesle gehien dituena, eta bertan da zerrendaburu Fronte Popular Berriaren izenean EH Baiko Peio Dufau. Bere hautagaitza mantentzea ebatzi du Christian Deveze macronista eta Kanboko auzapezak.

Orain, helburu bakarra dutela esan zuen Elizaldek: Peio Dufau «gure herriaren ahotsa izatea» Parisen.