GARA Euskal Herriko egunkaria

Laboral Kutxak aurreikusten du ekonomia %2 haziko dela aurten


Hego Euskal Herriko ekonomia suspertzen ari da, Laboral Kutxaren esanetan, eta, ondorioz, 2024. urterako aurreikuspenak igo ditu, abenduan egin zuen azken agerraldiaz geroztik. Hala, bere estimazioen arabera, EAEko ekonomia %2 haziko da urte honen itxieran eta Nafarroakoa, %2,1.

2023ko balantzea eta 2024rako aurreikuspenak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuten atzo Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Areako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamenduko zuzendariak. Azaldu zutenez, Laboral Kutxak uste du enplegua %1,8 haziko dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, hala balitz, langabezia tasa %7,5ean geratuko litzateke. Nafarroaren kasuan, enpleguak %1,9 egingo du gora eta %9,4an geratuko da langabezia tasa.

INFLAZIOA

Esan zutenez, 2023ko ezaugarri nagusia inflazioaren kontrako borroka izan da eta horretan jarraitu beharra dago oraindik; «nahiz eta beheranzko bide luzea egin dugun jada», zehaztu zuten. «Euroguneko urtetik urterako indize harmonizatua %2,6koa izan da maiatzean, eta azpiko inflazioa, %2,9koa. Datu horiek ikusita, luze joko du, itxuraz, Europako Banku Zentralak lortu nahi duen %2ko helburua lortzeak», ohartarazi zuten Laboral Kutxako kideek.