GARA Euskal Herriko egunkaria
PROFILA [ KEIR STARMER ]

Zentroa irabazteko idealak saltzen eta jaka aldatzen aditua den profesionala

(Andy BUCHANAN | AFP)

Efikaza dela diote, arduratsua, eta, Jeremy Corbyn ez bezala, politikarako ez hain sektarioa. Serioa dela, hotza, profesionala. Laboristek Corbynekin bere historiako porrot handiena jaso eta gero, akatsak ez egitea bertute eginda, pronostiko guztien arabera bera izango da Britaina Handiko lehen ministro berria.

Ez dauka nabarmentzen duen bisiorik, ez da bereziki karisma handikoa, baina satorrak buztana lortzeko begiak saldu zituen bezala, ez du zalantzarik izan Corbynen idealismoa salduz Tony Blairren konpetentzia erosteko. Laboristak «zentratzea» bere lorpen handiena bezala saltzen da, arrakastaren gakotzat. Ez dela «populista», profesional bat baizik, baina egiazki inork ez dauka Keir Starmerren balizko gobernu batek izango duen norabidearen berririk.

Jatorriz langile klasekoa den arren, eta izena bera, Keir, hamar urtetik lanera behartutako Eskoziako meatzariaren eta Parlamentuko laboristen lehen burua izan zen Keir Hardieren ohorez eman zioten arren, bere ibilbidea legearen inguruan jorratua du. Lehenik kausa sozialetan nabarmendu zirenen aldeko abokatu bezala eta ondoren Ingalaterra eta Galesko fiskal nagusi bezala, kargu instituzional aski inportantean. Gorbata estu lotuta, ilea beti ondo orraztuta, haren ingurukoek festa batera gonbidatuko ez luketen laguna dela diote, aspergarria dela, bere jarraitzaileen artean ez du berotasun berezirik sortzen.

Ez da lider inspiratzaileena, baina analista ezberdinak bat datoz: bere egiaztagutun politikoa Alderdi Laborista batzea eta zentrismoaren bidean lerratzea izan da, boto-emaileen aurrean beldurrik ez sortzea. Ez dauzka proposamen erradikalak, ez du arriskurik hartuko, britainiarrek aldaketa handien ordua dela uste arren.

«MING PITXERRA» ESTRATEGIA

Baina ez da inondik ere odol gabea. Egurra dauka, bereziki etxe barrukoen artean banatu duena, Jeremy Corbyn bere aurrekoa eta haren jarraitzaileak umiliatu eta men egitera behartzeraino, bestela alderditik ateratzeko atea non dagoen erakutsiz. Berarekin Alderdi Laboristak «enpresa askatasunaren» aldeko erretolika berrartu du, gerraren aldekoa, «NATOren alderdia» dela esan du; are, egin dituen aldaketekin oso harro dagoela. Bere «delitu» nabarmenena palestinarren aurkako genozidioa babestea izan da, Gazako herriari ura eta argindarra mozteko «Israelek eskubidea duela» lotsagarri defendatzea.

Norabide aldaketen eta zapuztutako promesen bilduma handia dauka. Laboristen buru izateko bere programa guztiz desitxuratu du. «Ming Pitxerra» estrategia darabilela diote adituek, murriztuz boterea lortzeko bide labaingarrian pitxer metaforikoa eskaintzen diona publikoari, ez erortzeko esperantzan. Eztabaidatzekoa da horrek kalte ala onura ekartzen dion, jaka aldatzearen sonak ez baitio politikariari onik egiten, baina oposizioan maniobrarako tarte gehiago dago, boto-emaileek atentzio gutxiago ipintzen baitute.

Eta beti ditu aitzakiak: zailtasunak dituen ekonomia, bete ezin daitezkeen promesak ez dituela egingo, lehenik eta behin «finantzen egonkortasuna» bermatu beharra... Horien izenean diren eta ez diren promesak urratu ditu: zerbitzu publikoen nazionalizazioa, petrolioa ustiatzeko eremu berrietarako baimenak debekatzea, Brexit-aren inguruko bigarren erreferenduma, abera- tsei zerga gehiago ezartzea... Bilduma itzela benetan.

Zaila da laboristek gobernuan nola arituko diren aurreratzea. Saiatuko dira Starmerrek zentroko politikari eta pertsona orekatu bezala landu irudia indartzen, horrek, ziurrenik, alderdian haserreak piztuko dituen arren. Baina desafioak ikusita, litekeena da beren ametsen aurrean erantzun betegarriena ez izatea.