GARA Euskal Herriko egunkaria
ASKE UTZI DUTE ASILOA ESKATU DUEN EKINTZAILE SAHARARRA

Gazte sahararra deportatzeko arriskua ez da desagertu oraindik

Polizia espainolak hamalau egunez Loiuko aireportuan atxikita izan duen gazte ekintzaile sahararra aske utzi zuten atzo goizean Bilboko guardiako epaitegiaren ebazpenaren aginduz. Garaipena bada ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko presidenteak, deportatua izateko arriskuak bere horretan jarraitzen duelako.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko presidente Javier Galparsoro, Bilbon, atzo. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hamalau egunez Loiuko aireportuan atxikita egon den Youssef gazte ekintzaile sahararra aske utzi zuten atzo, lehen orduetan, heldutako ebazpen judizialaren aginduz. Hala ere, deportatua izateko arriskua ez dela erabat desagertu ohartarazi zuen Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko presidenteak, Bilbon eskainitako prentsaurreko batean.

Pozik eta hunkituta agertu zen errefuxiatuen eskubideen defentsan ibilbide luzea duen Galparsoro, azken orduetan auziak izan duen bilakaerari erreparatuta, eta onartu zuen garaipen handi bat izan dela goizaldean jasotako epaitegiaren ebazpena.

Nabarmendu zuen, halere, garaipena ez dela erabatekoa oraindik, fiskalak Bizkaiko guardiako epaitegiaren erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri dezakeelako.

Gazte sahararraren abokatuekin hitz egin ondoren egin zuen agerraldia Galparsorok, azken mugimenduak zehaztu eta egoera azaltzeko. Eskertu zuen Youssefen alde izandako elkartasun uholdea, eta dei egin zuen zuhurtziaz jokatzeko. Izan ere, gaiaren inguruan «profil baxuarekin» jokatzeko gomendioa zabaldu zuen. «Berak prentsarekin hitz egin nahi badu ez diot nik debekatuko, noski», esan zuen, baina une honetan ez dela gomendagarriena azpimarratu zuen.

Komunitate sahararrak X sarean zabaldutako mezu batek eman zuen albistea, gazte sahararra Marokora ez deportatzeko Bilboko guardiako epaitegiaren erabakiaren berri izan eta minutu gutxira, azaldu zuen abokatuak.

Aireportuan, hamalau egun zeramatzan Youssef gazteak ez-onartuen gunean. Ostiralean bertan, atzo, Marokorako hegaldi batean deportatua izateko zorian egon zen gose greban zegoen ekintzailea, baina hegazkineko pilotuak uko egin zion gaztea eramateari.

Air Arabiako hegaldian jazotako une horretaz, Galparsorok aipatu du jakin ahal izan dutela bidaiarien artean ere mugimenduak izan zirela.

ATXILOTUA IZATEKO ARRISKUAZ

Azken orduetan izandako mugimenduen inguruan, zehaztu zuen Galparsorok, ostiralean, 13.35ean, Gobernu espainoleko ordezkariordetzak posta elektronikoz jakinarazi ziela gaztearen abokatuei Poliziaren ahalmena dela lurraldeko sarrerei eta irteerei buruzko gaiak ebaztea. Galparsorok salatu duenez, posta elektronikoa ez da komunikazio ofizialetarako bidea.

Kontatu zuen ordu batzuk beranduago, 19.00etan, Polizia espainolak eskaera igorri ziola Bilboko guardiako epaitegiari, «askatasun gabetzea 48 orduz luzatzeko» baimena eskatuz. Horren ondorioz, epaitegietara deitu zituzten Youssefen abokatuak, baina bertan egon behar zuen fiskalaren presentziarik gabe.

Esan zuenez, goizaldeko ordu biak baino apur bat lehenago heldu zen epailearen ebazpena, Polizia espainolaren eskaera ukatuz, eta atzerri- tarrentzako edozein zentrotara eramateko edota Loiun jarraitzeko aukerak baztertuz.

Hala ere, Galparsorok azpimarratu zuen epaitegiko ostiraleko agerraldian parte hartu ez zuen fiskalak erabakia errekurritzeko aukera duela oraindik, eta horretarako 72 orduko epea duela zehaztu du.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak aipatu zuen delikatua dela oraindik gaztearen egoera administratiboa, fiskalaren mugimendu hori egon daitekeelako, eta bere egoerak irregularra izaten jarraitzen duelako. Horrekin lotuta, aipatu zuen atxilotua izatea beste arrisku bat dela. Izan ere, atxilo hartuko balute atzerritarren zentro batera eramango lukete eta handik Marokora itzulia izateko arriskua dago. Horregatik, aitortu zuen abokatu bilbotarrak «zoriontsu» sentitzen zela, baina «etengabeko tentsioan».

Youssefena kasu ezaguna da, elkartasun uholde handia eragin duena, baina gogoratu zuen berea bezalako egoeran dauden 118 milioi errefuxiatu daudela munduan, «bat Lurreko 79 biztanleko». Pertsona anonimo horien eskubideak babestearen beharra azpimarratu zuen, eta asilo eskatzaileen egoeraren inguruan hausnartzeko deia egin zuen.

Esan zuenez, «profil handiko» kasua da Youssefena eta, halere, agerikoak dira eskubidea onartzeko oraindik dauden trabak, oso kasu mediatikoa izan arren. Horren ondoan, aipatu zuen jakin ahal izan dutela gaztearen familia ohartarazi dutela gertatutakoarekin «kontuz» ibiltzeko.

Jakitera eman zuen, bestalde, abokatuek eskaera aurkeztu dutela, ekintzaile sahararrari aberrigabeen estatutua onar diezaioten.