GARA Euskal Herriko egunkaria
THE WAY

Iraultza badator!


Port Talbot Galesko hiri industrial bat da; langile klaseko biztanleak bizi dira nagusiki, eta euskarri ekonomiko garrantzitsuenak portua eta siderurgia fabrika dira. Michael Sheen aktorea bertakoa da, eta bera da telesailaren sortzaileetako bat. Hiri horretan girotzen da “The Way”; fabrikako ezbehar bat tarteko, istilu larriak lehertu dira, eta horrek langile-iraultza handi bat ekarriko du, altxamendu zibil bat. Testuinguru horretan, etxetik ihes egin beharko duen Driscoll familia ezagutuko dugu. Kontzeptu liluragarriz gainezka dagoen miniseriea da, baina hori da, agian, arazorik handiena: gehiegi direla. Alderdirik indartsuena bere istorio politikoa da, langileen eskubideei buruz mintzo denean, Ken Loach-en esentzia duen alderdi hori, alegia. Sheen-ekin batera, miniseriearen beste egilea Adam Curtis da; dokumentalgileak estetika bisualean eragina izateaz gain, zenbait artxibotako irudiekin ere apaindu du narrazioa, bere aztarnak telesailaren tonu orokorrean topatu daitezke. Tonu horretan, ordea, apur bat zorabiatu egin naiz. Narrazioa, zenbait unetan, umore beltz eta surrealismoz zipriztindua dago; honek ikustaldia erraztu eta arintzen du, baina garrantzitsuagoak diren zenbait alorretan arreta galtzea eragin dit, estali egiten ditu. Gehiegizko metaforak erabiltzen ditu, eta baita B serieko filmen batetik ateratakoak diruditen zenbait eszena ere; horrek guztiak egitura orokorra kutsatu egiten du. Eskertzekoa da honelako telesail desberdin eta originalekin topo egitea, txalotzeko modukoa iruditzen zait; asko gozatu dut eta intentzio apartak ditu. Baina lau ataletan jorratzeko gai potolo gehiegi dira, denbora tarte laburrean gauza gehiegi eta oso azkar azaldu nahi izan dituzte.