GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

«Jaitsi dugun bidea, etikan oinarrituta egoteaz gain, basatia izan da»

Aurélien Lardy eta Vivian Bruchez frantziarrek diote Schreckhorn mendian (4.078 m, Suitzako Alpeak) eginiko jarduera ekologikoa izan dela. Trenez hurbildu ziren, ondoren jarduera hori sinatu zuten eta itzuleraren zati bat kayakean egin zuten.

Lardy eta Bruchezek ibilbide berri bat jaitsi dute eskiekin Schreckhorn mendian. (Vivian BRUCHEZ)

Joan den astean, orriotan aipatu genizuen alpinisten, mendiko eskiatzaileen eta eskalatzaileen artean badela joera berri bat. Klima larrialdia hainbat kirolariren kezka bihurtu da, eta egiten dituzten jarduerak ekologiaren printzipioetan oinarrituta daude. Agian, batzuentzat, itxurakeria besterik ez da. Alabaina, jarrerak zentzu handia du. Batzuen eskutik, atari berri baten bidean ote gaude? Zaila da erantzutea; izan ere, oraindik mendiko kirolarien ohitura asko ez dira aldatu.

Vivian Bruchez trantsizio horretan dago. Edo, bederen, egiten dituen aktibitate batzuk norabide horretan daude. Mendiko eskiko pente raide edo aldats pikoetan jardun duen espezialista frantziar horrek adibide xumea bezain argia erakutsi berri digu. Aurélien Lardy kidearekin batera, jaitsiera berria sinatu du Schreckhorn mendian (4.078 m, Oberland, Suitzako Alpeak).

Mendiko jarduera hori, berez, mendiaren iparraldeko horman hasi zen; amaitu, berriz, hegoaldeko isurian. Bi protagonistok 1864. urteko jatorrizko ibilbide ia bera jarraitu zuten. Horrela irakurrita, badirudi Bruchezen ohiko aktibitate bat izan dela. Hots, ez duela berezitasunik. Bueno, bai: marra berri bat zabaldu du laumilako batean.

Jarduera hori haratago doa. Mendiko eskiatzaile berak, aurrerapen gisa, xehetasun batzuk eman dizkigu: «Aurélien eta biok Chamonix-etik Grindelwald-era trenez joan ginen. Ondoren, Schreckhorn mendian jaitsiera berri bat egin genuen. Etikoa izateaz gain, basatia izan zen. Luzea izan zen biharamuna. Izan ere, hamabost ordu behar izan genituen etxera itzultzeko. Eta itzulera hori trenez eta kayakean egin genuen. Zifrek dena diote: 650 metro eskiekin, 320 kilometro trenez, 35 kilometro oinez eta Rodano ibaian 30 kilometro kayakean. Denera: 3.500 metroko goranzko desnibela».

Jarduera “ekologiko” (horrela definitu dute) hori alpinista eta mendiko eskiatzaile horren ibilbidean kokatu behar dugu. Zehazki esanda, esku artean duen helburu handi batean. Alpeetan dauden 82 laumilakoak eskiekin jaitsi nahi ditu. Duela lau urte abentura horretan buru belarri sartu zen, eta, gaur arte, lau mila metrotik gora dituzten 78 mendi jaitsi ditu. Schreckhorn-ekoa 77.a izan zen. Jaitsiera horiei guztiei dagokienez, aurreratu behar dugu oso anitzak izan direla: ohiko ibilbideak, lehen jaitsierak, errepikapen handiak... Eta, jakina, berezia izan den Schreckhorn mendian eginikoa.

Proiektu honen inguruan, Bruchezek zera dio: «Erronka honen bitartez, Alpeek duten edertasunaren eta mendi horietan egiten ditugun jardueren aberastasunaren eta bere eboluzioaren lekuko izan nahi dut». Aipatzen ari garen azken aktibitatearen inguruan, haren kide Lardyk honakoa gehitu du: «Dimentsio ekologikoa gehitu nahi izan diogu. Chamonix-etik irten ginen, eta gure eskura dauden garraiobideak erabili ditugu. Finean, kontenplazioaren eta pazientziaren ibilbidea izan da».

Bi protagonistok ekainean egin zuten jarduera hiru eguneko joan-etorria izan zen. Eta hain zuzen ere, hurrengo lerrootan Bruchezek GARAri zehaztasun gehiago eman dizkio Lardyrekin bizi izan duen eskarmentuaren inguruan.

XEDE ORIGINALA

«Alpeetako laumilako guztiak eskiatu! Hori, berez, egingarria al da? Gailur enigmatiko guztien artean, Schreckhorn horietako bat izan da. Tontorren artean egiten ari naizen bidaiaren 77.a izan da. Laumilako horretan jaitsiera berri bat egin dut. Hiru eguneko bidaia: ekainaren 12, 13 eta 14a. Mendira hurbiltzeko, trena erabili genuen. Eta itzulera, berriz, Rodano ibaitik kayakean egin genuen.

«Azken lau udaberriotan nire energia guztiak proiektu horretara bideratu ditut. Batzuetan ohiko bideen alde egiten dut; beste batzuetan, ordea, ibilbide berriak esploratzen ditut. Zalantzarik gabe, Schreckhorn mendiak leku berezia izan du nire pentsamenduetan. Ez du sarbide errazik; ondoan duen Lauterraahorn-ekin batera, Alpeetako basatiena da. Oberland-eko mendi horren ospea Eiger, Jungfrau eta Mönch bezalako mendi erraldoien itzalean dago. Horiek guztiak Grindelwald-etik ikusgai daude!

«Agian, Finsterraahorn da sektore horren erregea; izan ere, mendean ditu glaziarrak. Nahiz eta ez den batere merkea, Chamonix eta Grindelwald trenez lotzea oso erraza eta samurra da. Zalantzarik ez dut: bi herri horiek trenez lotzeak benetako bidaia baten sentsazioa ematen du. Gainera, geltokiak oso ondo hornituta daude. Kutxatilategiak dituzte, eta horietan tresneria utz daiteke. Oso egokia hainbat praktika nahasteko. Oberland-eko glaziarrek Rodano elikatzen dute, eta, horregatik, itzulera ibaitik egitea erabaki oso naturala izan zen. Honek guztiak galdera bat jartzen du mahai gainean: non hasi eta non bukatzen da mendia? Izaera honetako abentura bat aurrera eramateko eskalada kide on bat ondoan izatea oso garrantzitsua da. Nik ez nuen arazorik izan. Lardyk bat egin zuen jarduera honetan. Eskarmentu handia du; iaz, Hélias Millerioux, Alexandre Marchesseau eta Christophe Tricou alpinista handiekin batera Alaskan espedizio bikaina egin zuen. 50 eguneko bidaia horretan, era autonomo batean, glaziarrak, mendiak eta errekak zeharkatu zituzten.

«Ez dakit hiru egun horietan, etxean bertan, sentsazio basati hori berriro bizi izan ote duen. Nire iritziz, gero eta hurbilago gaude. Ezberdintasun bakarra dago: eskuragarritasuna. Abenturak ez du gehiegi eskatzen; askotan aldarte kontu bat besterik ez da. Thomas Guerin gurekin joan zen. Irudiak hartzea izan zen bere zeregin nagusia. Ibilbide osoa ez zuen eskiatu, baina abentura horren arrakastaren zati bat izan zen. Trenez eginiko bidaiaren ondoren, bost ordu behar izan genituen Schreckhorn-eko aterpera oinez heltzeko. Oso laburra izan zen gaua. Goizeko 1.30ean alarmak jo zuen. Hamar ordu beranduago, eskiekin jaisteko aukeratutako marraren puntu garaienera eta mendiaren iparraldeko aurpegira heldu ginen. Soilik nik, benetako gailurra zapaldu nuen; aipatutako puntutik hamar metroko desnibelera dago. Laumilako hori oso basatia da. Ibilbidearen goiko sekzioak, tentea eta estua izateaz gain, giro handia du. Beheko aldea, berriz, zabala eta atsegina da. Oraindik ez genuen jarduera guztia erabat biribildu. Kayak puzgarrietara igo eta Sion eta Martigny herriak Rodanotik lotu genituen. Azken herri horretan Chamonixera eraman gintuen trena hartu genuen.

«Pozarren nago arrakastarekin amaitu delako. Hilabete eta urte batzuetan, buruan iltzatuta nuen. Horrek erakusten du abentura batean arrakasta izateko dena oso ondo prestatu behar dela. Eszenatokiaren aldaketak gure pasioari eta mendiari abenturazko kutsu berezia ematen die».