GARA Euskal Herriko egunkaria

16 eztei-jantzi eta kaleko 20 arropa ikusgai daude Jantziaren Zentroan

Ezkontza egunean hainbat herrialdetako emakumeek soinean eramandako arropak ikus daitezke Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkorrean. 150 urteko bilakaera erakusten du. XVIII. mendetik 1960. urtera bitarteko kaleko jantziak ere aurkituko ditu bisitaria Errenterian. Horiez gain, Belle Epoque garaira garamatza udako erakusketak. Urriaren 27ra bitarte dago zabalik.

1840 eta 1988 urte bitarteko 13 ezkontza-jantzi daude areto nagusian. (JANTZIAREN ZENTROA)

Jantziaren Zentroaren areto nagusian 13 ezkontza-jantzi, guztiak zuriak edo beix kolorekoak aurkituko ditu bisitariak. 1840 eta 1988 urte bitartekoak dira. Jatorriari dagokionez, bat Donostiakoa da, 1958 urtekoa, hain zuzen ere. Gainerakoak frantziar Estatua, Kanada, Estatu Batuak, Britainia Handia, Italia eta espainiar Estatukoak dira.

«1880-1920ra bitartean emakumeek ezkontza soinekorako kolore beltza erabili zuten, bi arrazoi tarteko. Bata, dolua; bestea, sen ona. Garai hartan jantzi gutxi zituzten eta probetxua ateratzen zieten hamaika bider jantzita», adierazi dute antolatzaileek. Aretoaren kanpoaldean garai horretako hiru ezkontza jantzi beltz kokatu dituzte. Guztiak Euskal Herrikoak dira, Jantziaren Zentroak dohaintzan jasotakoak, Gasteiz, Leitza eta Ordiziako jantziak.

BI MENDETAKO MODAREN BILAKAERA

Bigarren solairuko erakusketa XVIII. mendean abiatzen da, eta 1960 urtean amaitu. Hogei jantzi dira, modak historian izan duen garapena eta aldaketa ikus dezake bisitariak aretoan. «Ikusgai dauden jantzien artean, kalerako erabilitako bi jantzi berezi aipatu daitezke, bata “bisita” izenekoa, Manilako mantoiaren antzerako oihalarekin egindako jantzia; bestea, operara joateko berokia», nabarmendu dute Jantziaren Zentrotik.

Aretotik ateratzerakoan eta bisitari amaiera emanez, Cristobal Balenciagaren Eisa etxeko 50-60 hamarkadetako sei jantzi eta hainbat buruko ikus daitezke.

BELLE EPOQUE

Bestalde, Jantziaren Zentroaren Udako proposamen berriak Belle Epoque garaira garamatza. «XIX. mende amaieratik Lehen Mundu Gerra arteko urteak dira, garai horretan klase sozial berria sortu zen, burgesia, honek aisia eta entretenimendua sustatu zituen. Erakusketan gauez zein egunez emakumezkoek erabiltzen zuten janzkera ezagutu daiteke, propio sortu diren errepliken bidez», diote.

Gauez, 1887ko uztailean zabaldu zen Donostiako Kasino Handiko festa batean murgiltzera gonbidatzen du bisitaria Jantziaren Zentroak. Zortzi emakume arropen erreplikak dira, guztiek lurreraino iristen diren gona luzeak dituzte, amaitzear den estilo edo moda baten azken urteak dira.

Egunez, emakumeak kirola praktikatzen hasi ziren. Erresuma Batuan sortu ziren kirol gehienak eta horietarako erabili beharreko jantziak. «Zaldiketa, ziklismoa, automobilgintza, tenisa eta itsas-bainurako erabiltzen zituzten bloomer galtzak, amazona jantzia zein 1860ko hamarkadan bainurako sortutakoa. Jantziez gain, erakusketarako, testuak sortu dira, zeinak emakumeek kirol horiek praktikatzeko izan zituzten zailtasunen berri ematen duten», esan dute.

Belle Epoque erakusketa Kapitain Etxearen sarreran doan ikus daiteke urriaren 27ra bitarte.

UDAN BISITA GIDATUAK

Jantziaren Zentroak udan bi bisita berezi eskainiko ditu, 7 euroren truke (pentsiodunak 6 euro). Lehenean, Lola Horcajo historialariak Donostiako Belle-Epoque garaia azalduko du. Bisita uztailaren 13an, larunbata, 18.00etan izango da. Bigarrenean, Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkorrera bisita egiteko aukera eskainiko da; uztailaren 14an eta abuztuaren 25ean, 12.00etan.

Bisita horietan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da, sarrera kopurua mugatua baita, jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzi ala Errenteriako Turismo Bulegora deituta, 943-494521.