GARA Euskal Herriko egunkaria

Inexistentzia


Kontu zaharrek badute zer irakatsi eta erakutsi gure eguneroko hizkuntzan. Berez ez dira, besterik gabe, istorio fantastikoen edo pasarte harrigarrien kontakizunak; badituzte adierazpenak, esakuneak, errefrauak eta bestelako hitz jolasak, hizkuntzaren kolore aniztasunaren adierazle. Horietako asko, ordea, galduak dira edo euskaldun gehienentzat ezezagunak bihurtu dira. Zorionez, badira bizitza berria hartu dutenak, esaterako, Txan Magoak hain ezagunak egin zituen euskal ipuin bateko hitz magikoak: “Artxila mortxila zakuan sar!”, deabru bera ere, bertan sar zedin esanak. Edo egun hainbeste erabiltzen den “zirelako gara, garelako izango dira”; sorginen ipuinetan agertzen den “sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik” bezala. Kontu zaharrek badute ahozkotasunaren marka, hizkuntz jolasarena, doinuen festa. Eta horien artean bada esakune ederra, norbait bat-batean desagertzen denerako: “Ez non, ez han”.

Azken esaera hau kontalariei aplika dakieke, izan ere, ohikoa da kontalarien saio bat antolatzen denean izenik ez agertzea, ezta egingo den saioaren izenburua ere. Existentziarako aspaldiko aldarrikapena den arren, aldaketarik ez da ikusten orokorrean, kontalariak “ez non, ez han” daudela. Izenik ezean, izanik ez. Inexistentziara kondenatuak.