GARA Euskal Herriko egunkaria

300 lagun baino gehiago bizi dira bazterketa egoeran Donostian


Duela hiru urte baino gehiagotik, Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareko boluntarioek egunero 200 afari bero baino gehiago banatzen dituzte, Donostiako hiru tokitan, pobrezia eta muturreko egoeran bizi diren pertsonen artean. Herritar anonimoen «ahalegin, diru eta elkartasunez» egiten dute lan hori, eta behin baino gehiagotan Poliziak bideokameraz grabatu dituela ohartu dira. Afari horiek sarri ez dira guztientzat iristen, hiru toki horietara joaten diren pertsonen kopuruak gora egin duelako. Udalaren baliabideak «urriak» direla salatu dute, ordea.

Atzo egin zuten agerraldian ohartarazi zutenez, artatzen dituzten pertsonetako asko argirik eta urik gabeko etxeetan bizi dira, oinarrizko osasun fisiko, psikologiko eta emozionala lortzeko zailtasunekin.

Bi taldeetako kideek aipatu zutenez, oso kezkatuta daude bertaratzen diren pertsonen kopuruak gora egin duelako, eta maiz, horien jatordu bakarra delako boluntarioek ematen dietena. Donostiako alkate Eneko Goiari mezua ere zuzendu zioten: «Alkate jauna, Donostian pintxoak jatera joatea ez ezik, afari soil batekin bizirik irautea ere asko kostatzen da».

Ingurura begiratzeko eskatu zioten eta Gasteizko adibidea jarri zuten. Arabako hiriburuko Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin du inauguratu berri den Bidelan jantoki zerbitzuan: 60 plaza ditu eta bi txanda; hau da, 120 bazkari eta 120 afari eskaintzen ditu. Bestalde, berrikuntza gisa, eramateko gosariak gehitu dituzte, eta gizarteratzeko eta laneratzeko ikastaroak ere emango dituztela iragarri dute.