«Multzoa mantentzeak goraka zoazela esan nahi du; hobetzeko marjina dugu»
Tolosaldea bigarren postuan da, Arraun Lagunak-en atzetik. Laiene Izagirre (Gaintza, 2003) Tolosaldeko patroiak esan du eurentzat «sekulakoa» dela «Lugañene»-ren atzetik segundo gutxira egotea. Taldea «konfiantza handiz» dago, baina «lanean jarraitu» behar omen dute, «badatoz atzetik» eta. Bihar Bilbon lehiatuko dira, erlojuaren aurka, eta etzi, Sestaon.
Beteluko garaje batean egiten du lan Laiene Izagirre Tolosaldeko lemazainak, mekanikaria baita. Patroiari argazkiak atera bitartean, tailerreko lankide batek hau esan dio txantxetan: «Begira, gure Laiene da-eta posatzen ari dena, segi-segi horretan», eta Izagirrek segituan bota dio erantzuna: «Isildu zaitez, eta segi ezazu lanean». Zerbaitengatik da patroia. Hiru urte lehorrean egin ondoren, joan den urtarrilean itzuli zen berriro ere Tolosaldea taldera. Arrauna utzi zuenean, taldea oraindik ETE ligan zegoen. Orain, ordea, urrezko mailan dago, ohorezko txandako traineruekin lehia betean.
Fin dabil ontzia?
Bai, fin eta gustura gabiltza. Ongi hasi gara, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela, ongi hastea, ongi jarraitzeko.
Aurten ez da ezustekoa zuek hor aurrean ikustea.
Ez, batzuetan ematen du kasualitatea izan zela aurreko urteko Kontxako estropada, baina azpimarratu behar da ez zela kasualitatea izan. Iritsi ginela, bueno ni ez nengoen hor, baina iritsi ginen, eta hor geunden. Orain hor gaude, eta hor jarraitzen dugu.
Joan den larunbateko estropadan, bigarren luzean, “Lugañene”-ren pare jarri zineten.
Une hori latza izan zen. Entrenatzailea entzungailutik esaten ari zitzaidan hortxe ginela, Arraun Lagunak-engandik lau segundora, ondoren bostera... Hori helarazten nien arraunlariei, eta bat-batean beraien parean jarri ginenean, esan nien banderaren bila gindoazela. Denek begiak zabal-zabalik zituzten, hor builaka zeuden. Beraiek olatu bat hartu zuten, eta niri pixka bat alde egin zidan, hortxe izan zen bukaera.
Garaipen handia izan behar du Arraun Lagunakekin mokoka aritzeak, baina talde honek anbizio handiagoa du?
Anbizioa ez dakit. Arraun Lagunak sekulako taldea da, eta maila altua erakusten ari da, sekulako ahala duela, baina ez dakit anbizio handiagoa... Gustura gaude. Oraintxe bertan Arraun Lagunak erakusten ari da koskatxo bat gorago dagoela, baina beraien pare iristea, segundo gutxira, tarte horretara, guretzat sekulakoa da.
Orain arte zuek egon zarete gertuen “Lugañene”-ri bandera lapurtzetik. Besteak zertxobait atzerago geratu dira.
Bai, zertxobait atzerago baina badatoz; ezin gara fidatu. Hau beti esaten dut, sinistu egin behar da, konfiantzarekin joan behar gara, baina ezin gara fidatu, besteek ere gaitasuna badute, eta badatoz atzetik.
Orio eta Donostiarra?
Orain arte demostratu dutenarekin, gure ondoan ikusten ditut. Orio, adibidez, gure atzetik geratu da ehunenengatik. Donostiarrak azkeneko estropadan sekulako aurrerapausoa eman du. Baina esan behar dut nik nire taldean konfiantza osoa dudala, eta pausotxo bat aurrerago ikusten dudala.
Coruñan hirugarren, eta gainerakoetan bigarren. Orain zailena erregulartasuna mantentzea izango da?
Bai, zailena hori da. Buruarentzat agian errazena da, moralki sekulako indarra ematen dizu, eta taldea animo handiz dago, baina zaila da, lanean jarraitu behar dugu. Erregulartasun horretan, jarraitu, jarraitu eta jarraitu egin behar dugu.
Multzoan aldaketa askorik ez duzue izan. Arraunlariek esperientzia pilatzen duten heinean, hobera egingo duzue?
Hor garrantzitsua da multzoa mantentzea; horrek asko egiten du. Bizkarrezurra da, txikitatik batera, arraunean elkarrekin, arrauneko teknika beti berdina. Multzoa mantentzeak esan nahi du goraka zoazela, badugula hobetzeko marjina.
Zuen ligan harrobiko arraunlari gehien dituen taldea zarete. Horrek zer esanahi du?
Emozionatu egiten nau. Emozioa eta indar handia. Arraunean eta beste talde askotan ikusten da nola kirolariak ibiltzen garen alde batetik bestera. Azkenean bakoitzak bere buruarengan pentsatu behar du, hobekuntza horretan, baina ikustea zure herria, bueno ni ez naiz tolosarra, baina txikitatik batera egotea, eta ikustea nola goazen elkarrekin eskutik helduta goraka, latza da.
Erostarbe entrenatzailea aldaketak egiten ari da ontziko popan. Maialen Amondarain eta zu txandakatzen ari da. Nola daramazue?
Oso ongi. Egia esan, asko laguntzen diogu elkarri; lagunak gara. Nik berari laguntzen diot, berak niri ere bai, eta Ramonek [Erostarbe, entrenatzaileak] asko laguntzen digu. Ikasten ari gara elkarrekin, txandakatze hori oraintxe bertan behar dugun zerbait da, gure maila oso parekoa delako. Horrela jarraitzen badugu, ederki; asko ikasten ari gara.
Asteburu honetako bi estropadak errioan izango dira. Barnealdekoak izanda ere, errioan gehiago kostatzen zaizue itsasoan baino?
Barnealdekoak gara, baina Pasaian entrenatzen gara. Ez diogu horri heldu beharrik. Nire ustez, itsasokoak ere bagara, eta errekan gehiago kostatzen zaigu, gogorragoa delako. Potentzia gehiago behar da. Itsasoa agian teknikoagoa izan daiteke, eta errekara hiltzera zoaz, eman eta eman; eta sufritu, asko sufritzen da. Orain arte ikusi dugu non gauden, baina asteburu honetan ere hor egongo gara.
Hiru urte egon zara arraunean aritu gabe, eta orain berriro itzuli zara. Zer dela-eta?
Ez nuke hitz egin nahi asko gai honetaz. Hiru urte hauetan uda beste modu batera eraman dudala, parrandak eginez, lagunekin... beste plan batzuk egin ditut. Kendu beharreko arantza bat nuen arraunarekin, arraunari zor niolako, baita arraunak niri ere. Momentuan sentitu nuen itzultzeko una zela. Uda beste modu honetan pasatzeko gogotsu nago.