13 JUIL. 2024 EDITORIALA Israelen proiektu kriminala ez da gelditzen Palestinako herria jasaten ari den ankerkeriak ez du etenik. Israelgo Armadak auzoei erasotzen, errefuxiatuen kanpalekuak bonbardatzen eta eskolak eta ospitaleak suntsitzen jarraitzen du. Genozidio saiakera argi horretan, laguntza humanitarioa iristea ere eragozten du. Hondamendi humanitarioaren neurria izugarria da. Hildakoen kopuru ofizialak hazten jarraitzen du, hasieran baino motelago; izan ere, adituek aspaldi azaldu zuten bezala, hildako kopurua neurtzeko agintari palestinarrek ospitaleak erabiltzen zituzten, eta suntsituta daude. Aste honetan, “The Lancet” medikuntza aldizkarian argitaratutako artikulu batek dioenaren arabera, dagoeneko hildakoak 186.000 izango dira, Gazako populazioaren %8 inguru. Testuinguru horretan, Israelgo Gobernuak denbora irabazten jarraitzen du, Mendebaldeko aliatuen laguntza ordainezinari esker. Giza eskubideen etengabeko urraketen aurrean isilik egoteaz gain, Israel armaz hornitzen jarraitzen dute, eta, Gobernu britainiarrak egin duen bezala, Benjamin Netanyahu atxilotzeko Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa zalantzan jartzen ari dira. Babes inplizitu eta esplizitu horri esker, alde palestinarraren su-eten iraunkorra negoziatzeko proposamenak boikotatzen ditu Israelek. Netanyahuk ziurtatu nahi du, sinatu arren, edozein unetan operazio militarrei berrekiteko aukera izango duela. Su-etena negoziatzea, alde batek egoki deritzonean hauts dezakeena, zinismo ariketa hutsa da. Baina palestinarrak ere pausoak ematen ari dira barne-eremuan. Zabaldu denez, Hamasek gerraren ostean Gazako zerrendarako eta Palestinarako alderdikeriarik gabeko gobernu nazional bat eratzea proposatu du. Baldintza bakarra da kanpoko inongo agenterekin ez negoziatzea etorkizunaz. Batasun nazionaleko gobernu batek bultzada handia emango lioke Palestina askatzeko prozesuari. Palestinarrak genozidio saiakera hau garaitzeko antolatzen diren bitartean, nazioarteko komunitateari dagokio presio egiten jarraitzea armen entrega gelditzeko, biztanleria zibilaren bizitza eta giza eskubideak errespetatzeko eta kriminalak epaitzeko.