GARA Euskal Herriko egunkaria

Langile publikoen soldatak bertan erabakitzea eskatu dute

ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilasek alderdiei eskatu diete ez dezatela onartu langile publikoen soldata «inposatzen» duen dekretua, eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzea ahalbideratu dezatela.

Sindikatuek agerraldia egin zuten atzo, Bilbon. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuak hartu-emanetan jarri dira araudi berria bozkatu behar duten alderdi politikoekin. Horiei eskatu diete langile publikoen soldata «inposatzen» duen Gobernu espainolaren dekretua ez dezatela onartu eta lan baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatea eska dezatela.

Exekutibo espainolak, PSOE eta Sumar alderdiek osatuak, ekaineko Gobernu Kontseiluan onartu zuen langile publikoen soldata %2 handitzeko dekretua, eta neurri hori oinarrizko araudi gisa izendatzea, Euskal Herrian «beste erabakirik hartzea ukatuz», sindikatuek salatzen dutenez. Orain, hilabeteko epean, dekretu hori bozkatu behar da, onartzeko edo indargabetzeko.

Horren aurrean, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek Kongresu espainolerako hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdiei eskatu diete ez dezatela dekretua onartu, «ez duelako bermatzen langile publikoen soldata Euskal Herrian eraba- kitzea, eta daukaten ordezkaritza erabil dezatela langile publikoen lan baldintzak Euskal Herrian erabakiak izan daitezen, horretarako beharrezko erabakiak hartuz».

Aurretik ere zuzenketa bat proposatu zitzaien alderdiei eskaera hori bermatzeko.

MOBILIZAZIO ANDANA IKASTURTE HONETAN

Gogora eskarri zuten Gobernu espainolak dekretua onartu zuen egun berean sindikatuek elkarretaratzea egin zutela Gasteizen, langile publikoek hirugarren urtez jarraian erosahalmena galduko zutela eta euren lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatzeari uko egiten zitzaiola salatzeko.

Hori horrela, alderdiekin hartu-emanetan jarri dira eta aldebiko bilerak izatera gonbidatu dituzte, langile publikoen soldata hemen erabakitzeko aukerak aurrez aurre azaltzeko», jakinarazi zuten sindikatuek Bilboko prentsaurrekoan.

Sindikatuetako ordezkariek gogora ekarri zutenez, iragan ikasturtean zehar milaka langile publiko eta herritar kalera atera ziren politika publikoen aldaketa eskatzeko, zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarrikatzeko, enplegu publikoa sortu eta finkatu behar dela adierazteko eta langile publikoen lana eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabaki behar direla eskatzeko.

Hortaz, adierazi zuten «alderdiek dekretua dagoen bezala onartuz gero sektore publikoko langileen eta euskal herritarren eskaerari bizkarra» emango diotela.