GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Zierbenak eta Arraun Lagunakek artelana sinatu dute erlojupekoan

Oso borroka estua mantendu zuten zierbenarrek Urdaibai liderrarekin, baina azken luzean beste puntu bat sartu eta, soilik 86 ehunenengatik, astindu zuten lehen bandera. Arraun Lagunakek urteko bosgarren garaipena lortu zuen, orain arteko guztiak.

Zierbenak Bilbon astindu zuen denboraldiko bere lehen bandera. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko urek bi artelan ikusteko aukera bikaina eman zuten atzokoan. Ur bazterrean altxatzen den Guggenheim museo kosmopolitaren parean lehiatutako erlojupeko estropadan, Zierbenak eta Arraun Lagunakek astindu zituzten Eusko Label eta Euskotren Ligetako banderak, hurrenez hurren.

Eusko Labelen, denboraldi hasiera honetan Bermeo Urdaibaik erakutsitako nagusitasunarekin amaitu zuen Zierbenak. Zaleen gusturako, gainera, emozioz beteriko proba izan zen erlojupekoa, azken unera arte ez baitzen erabaki. Pentsa, 86 ehunen bakarrik egon ziren azken aurrena helmugaratu zen Zierbena txapeldunaren eta estropada itxi zuen Bermeo Urdaibai liderraren artean.

Bermeotarren nagusitasunarekin apurtzeko, Zierbenak aste honetan bitan joan behar izan du atzoko estropada gunera entrenatzera. Eta askorako balio izan die, sasoiko lehen bandera astintzea lortu baitzuten atzokoan!

Bi ontziak ohorezko txandan aritu ziren eta denborak kalkatzen aritu ziren ziabogetan. Lehenengoan, Zierbenak segundo bateko aldea atera zion Bermeori, baina beste bi maniobretan denbora bera markatu zuten (9:36 eta 14:39), beti bigarren txandan aritu zen Donostiarraren denborak hobetuz. Azken luzean, Zierbenako entrenatzaileak paretara pegatzeko aholkua eman zion Lazkano patroiari entzungailutik, baina segituan Bermeok aurre hartu zuen. Gorka Aranberriren gizonak azkarrenak ziren momentu horretan.

Zierbenak helmugan 19:27.96ko denbora egin zuen eta itxaroten gelditu zen. Azken metroetan emozioa gainezka egon zen. Aurrekoetan ez bezala, Bermeok ezin izan zuen azken martxa bat sartu, eta helmugan Zierbenak baino 86 ehunen gehiago behar izan zituen lanak egiteko.

Beste txandetan, Donostiarrak sinatu zuen lehen eta bigarren txandetatik denborarik onena. Arkaitz Diaz patroiaren arraunlariak bikain aritu ziren proba osoan zehar. Lanak amaitu berritan argi esan zuen haizea aldakor zegoela, boladak zeudela, eta hori arraunean nabaritu zen.

Aipatzekoa da Kaikuren lana ere. Lehen txandan aritu ziren sestaoarrak, gaur etxean lehiatu aurretik, eta bosgarren tokian amaitu zuten, Getaria, Ondarroa eta Lekittarraren aurretik. Txalotzekoa benetan.

DUDAK GUZTIZ UXATUZ

Oraindik norbaitek dudak baldin baditu, esan daiteke Bilbon denak uxatu zituela Arraun Lagunakek. Denboraldiko bosgarren bandera irabazi zuen. Hau da, sasoi hasierako guztiak. Itsasoan, ibaian, estropada normalean... Eta orain erlojupekoan ere indartsuenak direla baieztatu zuten. Ohorezko txandan aritu ziren, azkenak, baina esaten den bezala, «azkenak lehenengoak izango dira».

Erakustaldia eskainita lortu zuten garaipena. Pentsa, bigarren izan zen Donostiarrari 13.46ko abantaila atera zioten.

Aipatzekoa da hirugarren amaitu zuen Hondarribia ere. “Ama Guadalupekoa” ontziak oso estropada ona egin zuen lehen txandatik. Bigarren luzean bikain aritu zen eta, besteak ez bezala, ibai erditik aritu zen itzuleran.