16 JUIL. 2024 BEC-en emango dio amaiera Izarok birari 2025ean Izarok “Cerodenero” nazioarteko bira itxiko duen kontzertu berria iragarri zuen atzo: Bizkaia Arenan izango da, 2025ean. Sanferminetan eman berri duen kontzertuan. (I.ZABALETA | FOKU) GARA DONOSTIA Asteburuan New York-eko Latin Alternative Music Conference (LAMC) jaialdian izan ostean iragarri zuen Izarok Bizkaia Arenan (BEC) amaituko duela datorren urteko maiatzaren 31n urtarrilean hasitako bira arrakastatsua. Eta jakinarazi zituen karteleko lehen bi izenak ere: Olatz Salvador eta Baiuca. “Cerodenero” diskoaren aurkezpen birak Donostiako Kursaal eta Bilboko Euskalduna bezalako aretoak bete ditu. Euskal Herriaz gain, Estatu espainiarreko eta nazioarteko hiri ugaritara heldu da, Dallas, Austin, Bogota eta New York, esaterako. 2025eko maiatzaren 31n izango den azken kontzertu berezirako ikuskizun berezia diseinatzen ari dira, gonbidatu eta sorpresa ugarirekin. «2022an eta 2023an Anoetako Belodromoan eta Circo Price Antzokian eskainitako kontzertu berezietan, Amaral, Zahara, Xoel Lopez, Valeria Castro eta Eñaut Elorrieta bezalako artistak izan ziren gonbidatuak, ziur gaude berriro ere harrituko gaituela», aurreratu zuen atzo. Uztailera arte Estatu espainiarreko eta hainbat nazioarteko jaialditako agertokietara igoko da mallabitarra. Ez da bira makala izan, esaterako, marka dexente hautsi ditu: bakarlari euskaldun batek Donostiako Antonio Elortza Belodromoa bete zuen lehenengo aldia izan zen. Neketsua izan da, era berean: atzo ere egin zuen beste iragarpen bat; hau da, behin “Cerodenero”’ bira amaituta, itzulera zehatzik gabeko atsedenaldia hartuko du. Bira itxiko duen kontzerturako sarrerak bihar bertan jarriko dira salgai bere webgunean. Egun horretan, ateak 19.00etan irekiko dira. 20.00etan artista gonbidatuak eta 21.00etan Izaro igoko da oholtzara.